Hiru partidu erabakigarrietatik aurrenekoa gaur, Gernikan

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 18a, 00:00

Kepa Mijangos hernaniarra, baloiarekin, Bera Beraren kontrako partiduan.

Urbietan jokatuko du Hernanik 16:00etan, Gernikaren kontra, Ohorezko B Mailako lidertzari eusteko.

Zati erabakigarrian sartu da Hernani, Ohorezko B Mailako aurreneko fasean: hiru partidu klabe jokatuko ditu orain, hiru kontrario zuzenen aurrean. Eta lehenengoa, gaur bertan izango dute, Gernikaren kontrakoa, 16:00etan Urbieta zelaian.

Lider iritsi da Hernani, partidu erabakigarrietara. Aurreneko bost partiduak irabazita, 24 punturekin dago sailkapeneko buru, Getxoren (21 puntu), Zarautzen (20) eta Uni Bilbaoren (20) atzetik. Azkeneko bi horiek izango ditu hurrengo kontrarioak: Zarautz hartuko du datorren asteburuan Landaren, eta Uni Bilbaoren zelaian ariko da hurrengoan.

Ligako seigarrena da Gernika, 17 punturekin; baina oso kontra­rio gogorra izango da. Partidu ba­karra galdu du, Uni Bilbaoren kontra; eta etxeko guztiak irabazi ditu, Zarautzen kontrakoa barne. Bonus puntu bakarra lortu izanak aldendu du aurreneko postuetatik. Izan ere, Hernani da partidu guztiak irabazi dituen talde bakarra. Gaurko irabazita, urrats haundia emango dute trikolore­ek, igoera fasera sailkatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!