135 proposamen aurkeztu ditu Udaleko Gobernu Taldeak legegintzaldirako

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 17a, 00:00

Areto Nagusian aurkeztu zen 2023-2027rako Gobernu Plana.

Gobernu Plan hau izango da datozen lau urteetan Gobernu Taldearen lanerako «iparrorratza». «Hernani hobetzen jarraitzeko helburuarekin, eta herritarren ongizatea ardatz, Plana neurri sorta eraginkorra izango da».

Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak 2023-2027 legegintzaldirako 135 neurri zehatz dituen Gobernu Plana aurkeztu die hernaniarrei, «hernaniarrok hobeto bizi gaitezen». Neurriek «eraldatzaileak eta eredugarriak» izateko bokazioa dute. «Gutxienez hau egingo dugu. Konpromisoa hartzen dugu 135 proposamenak betetzeko eta horrek ez du esan nahi horretan geratuko garenik. Hau da abiapuntua».

Gobernu Planak «udal gobernuak bere ardurartik egiten duen plana da, herritarrei gutxienez hartzen dituen konpromisoen berri emateko». Hori dela eta, Gobernu Plan hau izango da datozen lau urteetan Gobernu Taldearen lanerako «iparrorratza».

»Hernani hobetzen jarraitzeko helburuarekin, eta herritarren ongizatea ardatz, Gobernu Plana neurri sorta eraginkorra izango da», adierazi zuten atzo Udalean Xabier Lertxundi alkateak eta Gobernu Taldeko zinegotziek egin zuten aurkezpen publiko eta irekian. Bertan azaldu zituzten xehetasunak. «Aurrera begiratzeko garaia da, erronka berriei eusteko garaia, beti ere hernaniarrok gure herrian hobeto bizi gaitezen», adierazi zuen Xabier Lertxundi alkateak. «Herritarrak direnez Udal Gobernu Taldearen politiken erdigunea, Gobernu Plana herritar horiekin konpartitzeko egin da aurkezpena».

«Urteak daramatzagu udalgintzan, herritarrekin harreman zuzena daukagu, udal teknikariek ere informazio asko dute eta herri ikuspegi zabala dugu. Ezagutza horretatik eta dugun herri proiektuan oinarrituta» osatu du Gobernu Plana Hernaniko Udalek Gobernu Taldeak. 

 

«Edukiz betetako Gobernu Plana, Hernani osorako»  

«Edukiz betetako» Gobernu Plana da» Udaleko Gobernu Taldeak atzo aurkeztu zuena, «neurri sorta eraginkorra». Arlo guztietako neurriak biltzen ditu planak: haur, gazte, heldu eta adinekoak eta hirigunean nahiz inguruko auzoetan izango dute eragina.

Gobernu Plana «dinamikoa» izango dela badaki Gobernu Taldeak: «Badakigu agintaldian zehar beste hamaika proiektu, egitasmo, ideia eta soluziorekin topo egingo dugula. Baina 135 neurri hauek bete beharrekoak izango dira guretzat».

Gobernu Plana «herritarrentzako» egin du Udaleko Gobernu Taldeak, horregatik, «ulergarria» izatea izan da lehentasuna.

 

Gobernu planak, lerro garrantzitsuak eta neurri zehatzak 

Hernani dinamika ekonomiko, sozial eta kultural haundia duen herria da. Gobernu Planaren lerro garrantzitsuak izango dira «kultur sormena sustatzea; gazteek pairatzen duten etxebizitza arazoari heltzea; berdintasun politika lehen lerroan jartzea; ingurugiroan eta trantsizio ekologikoan sakontzea; mugikortasun jasangarria posible dela erakustea; euskera, kirola eta aisialdiko lerroekin lanean jarraitzea; udal eskumenaren araberako neurriak hartzea tokiko merkataritza eta enplegua sustatzeko edota aniztasuna aberastasun bihurtzea». 

Gobernu Planak bere baitan dituen neurri zehatzetako batzuk hauek dira: Urumea Ikastola zenaren gunea eraberritzea -lur azpiko parkina eta kultur ekipamendu berria eraikita-; Izpizua kalearen bulebarizazioa; Ezkiaga pasealekua eraberritzea; Floridako hirigintza-garapena -308 etxebizitza publiko egingo dira bertan-; Txotx garaiko eredua aldatzea. «Aurrekontu xumeagoa duten neurriak ere badaude, baina berdin-berdin herritarren bizi-kalitatean eragin haundia dutenak eta garrantzitsuak direnak», azpimarratu du Xabier Lertxundi alkateak.

Proiektu horietako batzuk ez dira gauzatuko edo egingo legealdi amaieraren aurretik, «baina martxan jarriko dira, batzuk prozesu luzea eskatzen dute eta». Hori bai, «Udaletik ziurtatzen dugu denak egingo direla».

 

Hernani, herri eredugarria

Gobernu Taldeak adierazi duenez, «badakigu nolako Hernani nahi dugun, eta, batez ere, badakigu nola egin nahi dugun: herritarrekin batera, elkarlanean, ideiak partekatzen eta ekarpenak jasotzen. Hori baita Hernani eraldatzen jarraitzeko gako nagusia». Gobernu Taldeak «burujabetzan sakontzen» jarraitzeko asmoa adierazi du. «Erronka haundiak datoz eta Hernani eraldatze prozesu sakonetan murgilduta dago».

Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak uste du «hernaniarrok Hernani eredugarri bihurtzen» ari direla. Horren adierazgarri omen dira, herritarren «onespena» ez ezik, Gipuzkoatik, Euskal Herritik edota nazioartetik «Hernaniko ereduak ezagutzera etortzen diren eragile eta erakundeak». 

 

Betetze mailaren berri emateko konpromisoa sei hilabetetik behin

Udal Gobernu Taldeak sei hilabetero Gobernu Planaren betekizun mailari buruz informatzeko konpromisoa ere hartu du, «herritarren eskubidea baita udal gobernua zertan ari den zehatz-mehatz jakitea». Hartara, Gobernu Taldearen lana kualitatiboki zein kuantitatiboki «baloratu» ahal izango dute. 

Datozen egunetan Hernaniko etxe guztietara helduko da Gobernu Planean egin duen proposamen zehatza, herritarrek ezagutu dezaten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!