Hariak, erresistentzia istorioen zinemaldiaren bigarren edizioak ahozapore gozoa utzi du

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 16a, 00:00

Ia 500 lagun hurbildu dira zinema bihurtutako Kulturarteko Plaza Feministara.

Hariak erresistentzia istorioen zinemaldiaren bigarren edizioa izan zen pasa den azaroaren 2tik 12ra. Bukatu berri den honetan, Udalak balorazioa egin du eta onartu du «ahozapore gozoa» utzi duela Hariakek, «aurtengoa ere edizio arrakastatsua» izan baita, Itsaso Lekuona Kulturartekotasun eta Lankidetza zinegotziaren arabera.

Kulturarteko Plaza Feminista zinema areto bihurtu du Hariakek aurten ere, eta herritarrek formatu berria «gustuko» dutela nabarmen geratu da, izan duen harrerari erreparatuta. Ia 500 lagun hurbildu dira saioren bat edo beste ikustera, batzuk, behin baino gehiagotan: «Dagoeneko badago Hariaken partehartzeko ohitura hartu duten herritar ugari». 

 

Datorren urtean, erresistentzia istorio gehiago

Hernaniko Udalak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten gonbidatu guztiei. Armenia, Espainia, Txile, Argentina, Kenia edota Euskal Herriko erresistentzia istorioak ezagutu eta haiek kokatzeko aukera izan da Hariaken. «Istorio ezberdinen artean oso lotura politak sortu dira», aipatu du Itsaso Lekuonak, izan ere, gonbidatuek euren artean edota bertako eragileak ezagutzeko aukera izan baitute kasu batean baino gehiagotan.

Irakaspen ugari utzi ditu aurtengo Hariakek, eta erresistentziak zeinen beharrezkoak eta ederrak diren kontzientzia hartzeko balio izan du. 

Hurrengo edizioa ere izango dela aurreratu dezakegu: hala, erresistentzia istorio gehiago ezagutzeko aukera izango dugu Hernanin. Horretarako, aurten ikusle izan direnen iritziak eta proposamenak balio haundikoak izango dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!