Ez dakit hori den dagokion izenburua, baina bai burururatu zaidana. Badirudi musikaren kontuan, inteligentzia hori ez dela etorkizuna, oraina baizik. Badira urte batzuk, ari garela 'musikari' hauek ikusten eta entzuten, DJ bezala ezagunak. Beraien emanaldiak kontzertu bezala iragartzen dira, eta elkarrizketak egiten zaizkie hedabideetan, izan egunkariak, irratia edo EITB. Aurtengo San Joan jaietan, super musikari horrez gain, irudi tristea (nire ikuspuntutik) ikusi dugu: ehunka gazte, denak edo ia denak unibertsitarioak (alegia, gure etorkizuneko medikuak, arkitektoak, ingeniariak... espero dut kontserbatorioko ikasleak ezetz), bafle bat edo bozgorailu bat zeukan karretilla baten atzetik, latako 'musika' zoragarri horretaz gozatzen; eta noski, eskuak okupatuta egarria asetzen. Oñatiko artzai txakurren lehiaketa ekartzen du gogora irudi horrek.
Joan den irailean, astebururo izan ditugu festak herriko auzoetan, DJen kontzertuekin, noski. Eta hori nahikoa ez balitz, danborrada batez gozatzeko aukera ere izan dugu, 'triste' adjektiboa motz geratzen zaiona, kotxe edo furgoneta baten atzetik, Raimundo Sarriegiren melodien grabazio bat eskaintzen zuena bozgorailutik. Alegia, danborrada bat, danbor batzuekin latako musikaren atzetik (aurrerapen zoragarria).
Bururatzen zait, izan litekela ideia bat San Joanetako danborradentzat, eta sistema berarekin egin litekela San Joan eguneko diana ere, badagoelako grabazio bat 'Mendiriz Mendi' abestiarena, Musika Bandarena: fugoneta batekin eta bozgorailu batekin jarriz gero, ziurrenik Bandako kideek eskertuko dute keinua, goiz jaiki beharrik ez izateko. Eta eguna borobiltzeko, modu berean eskaini liteke eguerdiko kontzertua udaletxeko arkupeetan. Horrela, Bandako musikariek eguna libre izango lukete, eta hainbat entsaio saihestuko lituzkete.