Haurren familientzako adimen eta hezkuntza emozionaleko tailerrean izena emateko epea, zabalik

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 15a, 00:00

Donna Apellaniz Nietok eskainiko ditu tailerreko zortzi saioak. Izena emateko epea datorren asteartean amaituko da.

Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria sailak familientzako adimen eta hezkuntza emozionaleko tailerra antolatu du. Tailerra 2016 eta 2017 urteetan jaiotako umeentzat eta haien heldu erreferententzat prestatu dute, eta zortzi saio izango ditu. Helburu nagusia «haurren eta helduen arteko harremana adimen emozionalean oinarritua izateko trebakuntza egitea da».

Donna Apellaniz Nietok gidatuko ditu saioak, eta jolasetan eta dinamiketan oinarrituko ditu egiteko guztiak: «Saio bakoitzaren bukaeran, helduen arteko hizketaldia egingo da ikusi eta ikasitako barneratu eta zalantzak lantzeko. Haurrek, bitartean, jolasteko aukera izango dute». Adimen emozionalean aditua da Apellaniz Nieto, eta esperientzia haundia du tankerako tailerretan.

Talde egonkorra mantentzea izango da berezitasunetako bat: «Tailerretan parte hartuko duten helduak haurrarekin harreman esanguratsua dutenak izan daitezke. Saio guztietan partaide berak mantenduko dira, beraz, erreferentea beti bera izango da».

Izena emateko epea 21era arte

Jada zabalik dago tailerrean izena emateko epea, eta datorren asteartean amaituko da. Tailerrak plaza mugatuak ditu; beraz, izena ematen duten pertsonen artean zozketa egingo da. 

Zortzi saioak asteazkenetan izango dira, 17:00etatik 18:00etara. Azaroaren 29an izango da lehenengoa, eta honakoa da ondorengo saioen egutegia: abenduak 13, urtarrilak 10, urtarrilak 24, otsailak 7, otsailak 21, martxoak 6 eta martxoak 20. 

Izena eman nahi dutenek https://labur.eus/tailerraemozioa estekan, 943 33 70 41 telefonoan edo gazteria@hernani.eus helbide elektronikoan egin dezakete inskripzioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!