«Trukerako gune bat sortuko dugu, pentsamendu kolektiboa sortzeko»

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 14a, 00:00

Iratxe Retolaza izango da saioen dinamizatzailea.

'Pentsamendu feminista gogoetagai' lemapean, bi saio eskainiko ditu Iratxe Retolazak Kulturarteko Plaza Feministan, eta izena emateko aukera dago kultuartekoplazafeminista@hernani.eus helbidera idatzita, edo 943 33 70 17 zenbakira deituta.

Azken hamarkadan pentsamendu feminista, «bizi-bizi» ari da garatzen Iratxe Retolazaren ustez, eta azaldu du «ugaritu» egin direla euskal kulturan pentsamendu feministak garatzen dituzten saiakerak. Horregatik, gogoetarako eta trukerako espazio bat sortuko dute Kulturarteko Plaza Feministan ‘Pentsamendu Feminista gogoetagai’ lemapean. Iratxe Retolaza izango da dinamizatzailea eta guztira bi ikastaro eskainiko ditu: azaroaren 22an aurrenekoa eta abenduaren 20an, bigarrena. Arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera saio bakoitzari, eta izena emateko aukera dago azaroaren 17ra arte, kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbidera idatzita, edo 943 33 70 17 telefonora deituta. Nahi izanez gero, saio bakar batera bertaratzeko aukera ere badago.

Hori kontutan hartuz, Iratxe Retolazarekin hitz egin du Kronikak, ikastaroan sortuko diren espazioen berri jakiteko.  

 

Bi saiok osatuko dute ‘Pentsamendu feminista gogoetagai’ ikastaroa

Hasieran hiru saio izan behar ziren, baina orain bi izango dira; aurrena landuko dugu, Marina Sagastizabalen, ‘Hiruki gatazkatsua’. Bertan aipatzen da gure egunerokotasunean denbora nola kudeatzen dugun, eta denboraren kudeaketa horretan, gizarte egiturak eta genero sistemak zer nolako eragina duen. Era berean, azaroaren 30erako deitutako grebarekin ere lotu nahiko genuke, zaintzari ere egiten baitio erreferentzia. Eta abenduko saioan, berriz, Eva Perez-Ponsen ‘Erresistentziarako gorputzak: bollerak’ landuko dugu. Liburuan, gorputza espazio politiko bezala lantzen da, nola gorputzaren inguruan egon diren ibilbide historikoak, hain zuzen. 

Zer landuko duzue ikastaroetan? 

Aipatu ditudan bi liburu hauek landuko ditugu, bertan dauden ideiak guztien artean lantzeko, argitzeko eta konpartitzeko. Gutako bakoitzak bai maila pertsonalean, eta baita maila kolektiboan ere, bi liburu horiek gure esperientziekin nola lotzen ditugun ikusiko dugu. 

Esan bezala, landuko dugun gai bat da denborari loturiko egiturari lotutakoa eta bestea,  gorputz normatibotasunari lotutakoa;  bi oinarri horien bueltan arituko gara lanean. Kapitalismoak landu dituen bi kategoria hauek hartuko ditugu oinarritzat. 

Lan indarra denboraren arabera neurtzea, adibidez, izan zen kapitalismoak sortu zuen neurri bat, eta gaur egun, denboraren dimentsio batzuk oso lotuta daude gizarte ereduei begira. Beraz, ikastaro honek emango digu hortaz hausnartzeko tartea, eta era, berean gure gorputzarekin dugun harremanak ere badu gizarte ereduarekin lotura, eta hortaz ere arituko gara. 

Hau da, gizarte ereduak feminismotik birpentsatzeko aukera emango digute, oso leku ezberdinetatik, denboraren kontzepziotik eta horren egituratik; eta gorputzetik, eta horren egituratik.

Zein da ikastaroaren asmoa? 

Orokorrean ikastaro honekin nahi genuke bi liburuen irakurketa konpartitu, bertan dauden pentsamenduak elkarbanatu, esperientziak partekatu, beti norberak nahi duen neurrian, eta pentsamendu feminista horiek garatu. Liburuez gain, eramango ditugu testu laburrak, bertan irakurtzeko, kulturakoak adibidez. 

Saioak balioko du; alde batetik, gure esperientziak ere konpartitzeko, neurri batean, esan bezala, norberaren arabera beti; Eta beste aldetik, kulturaren bitartez irudikatu dituzten esperientziak aztertzeko. 

Bi saioek, badute nolabaiteko lotura. Bi saiotara bertaratzea gomendatzen duzu? 

Gomendagarriena bi saiotara joatea da, baina bakarka ere joan daiteke. Bi saiotara joatea gomendatzen dut, egin ditzakegulako konparaketak, eta bien artean lotura dagoelako. Baina  egia da aukera dagoela saioa bakarrera bertaratzeko, eta ez dira galduta sentituko. 

Gaiari buruz interesa duen orori gonbitea egiten diozu? 

Bai. Dago pertsona multzo bat, esaterako, oso ohituta dagoena saiakerak eta pentsamenduak irakurtzera, eta beste pertsona multzo bat ez dagoena horrenbeste ohituta. Halako guneak dira oso onak bi perfilak elkartzeko. 

Guzti honek emango du espazioa gogoetarako, eta  laguntzen du pentsamendu feminista elkarrekin erabiltzeko, eta ariketa egiteko. Kontutan izan behar dugu, pentsamendu feministak balio digula, baldin eta maila pertsonalean zein kolektiboan gure, uneko egoeretara eramaten bagaitu; bai gure ibilbideak ondo kokatzera, bai euskal kulturatik gauzak pentsatzera. Esan daiteke, pentsamendu feministak balio digula, baldin eta guk ere gure eta gure kolektiboa deseraikitzeko ariketa egiten badugu.

Saio politak dira, sortzen delako espazio bat hausnarketarako, eta gogoetarako. Bakoitzaren esperientziara eramateko ere bai, bakoitzak deseraiki behar dituen gauzak identifikatzeko ariketa bezala asko balio du. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!