Ander Amonarriz nagusi, Urduñako mendi proban

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 14a, 00:00

Ander Amonarriz, Urduñan.

Hodei Lujanbio bigarren izan zen Camero Viejon, eta emaitza horrekin Rioja Trail Series irabazi du, ultra distantzian.

Behobia-Donostian aritu dira bailarako korrikalari gehienak asteburuan, baina mendi lasterketetan ere aritu dira hainbat; primerako emaitzekin, gainera. Ander Amonarriz hernaniarrak, esaterako, Urduñako Mendi Lasterketa irabazi zuen igandean, 33 kilometroko distantzian. 2:55:32 denboran osatu zuen proba, eta alde nabarmenarekin nagusitu zen, Borja Fernandezen (2:58:30) eta Martin Diezen (3:01:21) aurretik. Proba berean, emakumezkoetan 10garren sailkatu zen Arantxi De La Fuente astigartarra (4:38:49).

Hodei Lujanbio goizuetarrak, berriz, bi proba osatu zituen azaroko aurreneko astean: Beñat Elzo Mendi Lasterketa (11 km) asteazkenean, eta Camero Viejo (46 km). Bietan sailkatu zen bigarren, eta azkeneko horretan lortutako emaitzari esker, gainera, Rioja Trail Series txapelketa irabazi du, ultra modalitatean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!