«Bihar haurrek ez dute Serunionen janaririk jango, guk bermatuko dugu janari duina»

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 12a, 17:31

Plazan eguerdian bildu diren guraso eta ikasleek Serunionekin sinatu den kontratua «bertan behera uztea», eskatu diote Hezkuntza Sailari.

Langile Ikastolako gurasoek deituta ehundaka ikasle eta guraso elkartu dira gaur Hernaniko Plazan ostiralean ikastolako jangelan janariarekin gertaturikoa salatzeko. Kazerolada izan da eta Uxue Apaolazak eta Gaizka Izagirrek, gurasoen izenean, irakurri dute mezua sei puntutan.

1. Onartezina deritzogu. Gure seme-alaben, eta haiek zaintzen dituztenen elikadura ez da jolasa.

2. Gertatutakoa eredu oso baten isla eta ondorio da. Gure haurren elikagaiak makroenpresen esku daude. Eredu hori inposatua da, hezkuntza komunitateari ez zaio ahotsik onartzen ere. Irabazi ekonomikoak lehenesten dituztenen esku utzi da gure haurren elikadura. Zein prezio jarri diote gure haurren osasunari? Zenbat diru aurreztu nahi da, Basque Culynari Centerren gastatu ahal izateko?

3. Askorentzat, jangela zerbitzua aukera bakarra da. Ez da hautazkoa, ez da pribilejioa.Eguneko janari bakarra izan ohi da askorentzat. Eta kalitatezkoa eta osasungarria izan behar du. Sinatu den kontratua bertan behera utz ezazue, berandu gabe.

4. Langile ikastolak, EAEko gobernuak baino lehenagotik funtzionatzen duenak, gure haurren elikagaiei buruzko eredu propio bat landu nahi du, Eusko Jaurlaritzaren zailtasun eta trabarik gabe. Utzi iezaguzue erabakitzen, utzi iezaguzue egiten. Gertuko produktuak gertu prestatu nahi ditugu. Kontratua lortu duen enpresak ehunka kilometrora ekoizten eta kozinatzen ditu jakiak. Ez al dugu ba karbono aztarna gutxitu nahi?

5. Langileekin gaude, lanpostu feminizatu eta prekarizatuak. Gure haurren hezkuntzaren atal oso garrantzitsu bat lantzen dute. Eskerrak eman nahi dizkiegu. Babesa adierazi nahi diegu gertaerarekin eduki duten profesionaltasuna eta erantzun azkarra txalotu nahi ditugu.

6. Bihar guk bermatuko dugu haur guztientzako janari duin eta osasungarria izango dela. Ez dugu Serunioneko janaririk jango. Seriunioni ozen esan nahi diogu, ez itzazue zuen urrutiko kamioiak bihar ekarri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!