Legorburu saritua izan da Bilboko Mexikar Calaveriten lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 12a, 00:00

Iñigo Legorburu, diplomarekin.

Bigarren saria eskuratu du 'Oda al camino' lanarekin, bi mexikarren atzetik.

Aurreko asteburuan ezagutu ziren, Bilboko BBK Kuna eraikinean, México Lindo Elkarteak antolatu duen Calaveriten lehiaketako irabazleen izenak eta bertan, Iñigo Legorburuk bigarren saria lortu zuen calaveriten munduko Oda al camino bere estraineko lana hara bidalita.

Hirugarren postua Christian Acevedok lortu zuen Calavera a Chabelo lanarekin eta irabazlea, Hilhui Gazpar Sanchez izan zen Una calaca viva lanarekin, biak ere mexikarrak. Legorburuk, diploma eta Txokomex Kantinan gastatzeko bonua lortu zituen sari gisa.

Mexikar Calaveritak, heriotzari edo hark sortzen duen saminari barre egiten dioten poema errimatuak dira, poema bakoitza zortzi silabako lau lerroz osatua. Sorta batek, lau, bost edo nahi diren adina ahapaldi eduki ditzake, baina ez oso luzeak egiteko ohitura dago, ahozkotasunari oso lotua dagoen generoa delako.

Sarri, heriotza bera erabiltzen da gizartearen satira edo metafora gisa eta poema hauek orokorrean, irakurleak barre egin dezan bilatzen dute.
Legorbururen
Oda al camino-k migranteen drama du abiapuntutzat. Egilearen hitzetan, «nahiz eta gaztelaniaz ez dudan ia ezer idazten, esaldi oktosilabo errimatuak izateak erakartzen ninduen. Erronka gisa hartu nuen eta orain, patxadaz eta distantziaz berrirakurri ondoren nahiz eta emaitzarekin ez erabat gustura gelditu; pozik nago nire lehenengo aldian saritua izateagatik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!