Partidu erabakigarriak Baztango txapelketan Hernaniko pelotarientzat

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 11a, 00:00

Labakarekin batera jokatuko du Arsuagak, Elizondon.

Asteburu honetan jokatuko dituzte kanporaketa faseko azken partiduak Baztanen.

Partidu ugari jokatuko dituzte asteburu honetan ere CD Hernaniko pelotariek. Horien artean partidu garrantzitsuak eta erabakigarriak izango dira, Baztango txapelketan gehienak. 

Txapelketa horretan, 2. mailako infantiletan jokatzen ari diren Galdos-Azpeitia eta Mendiable-Caballero bikoteek sailkapen faseko azken partidua jokatuko dute. Amaiurren jokatuko dituzte partiduak, eta irabazten badute txapelketako azken fasea jokatzeko sailkatuko dira. 

1go mailako infantiletan ere egoera bera bizitzen ari dira Hernaniko beste zenbait pelotari. Labaka-Arsuaga eta Ormazabal-Zugasti bikoteek fasea amaituko dute gaurko partiduarekin, eta garaipena behar dute azken erronda jokatzeko txartela lortzeko. Elizondon jokatuko dute Labakak eta Arsuagak, eta Iruritan Ormazabalek eta Zugastik.

Horiez gain, gaur eta bihar alebinen eta infantilen banakako partiduak jokatuko dira Hernaniko pelotalekuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!