Hernani, berriz ere euskerazko komikigintzaren topagune bihurtuko du HernaniKomik azokak

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 11a, 00:00

Ostegunean egin zuten HernaniKomiken aurkezpena, Atsegindegin.

Azaroaren 17rako eta 18rako antolatu dute HernaniKomik azoka, Atsegindegin. Bederatzi komiki aurkezpenez gozatzeko aukera izango dute herritarrek, egileen presentziarekin. Tartean sortzaile hernaniarrek ere hartuko dute parte.

HernaniKomik azokaren eta jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko dute, azaroaren 17an eta 18an. HernaniKomik euskerazko komikigintza erdigunean jartzeko intentzioarekin sortu zuen iaz, Hernaniko Udalak, udal liburutegiaren bultzadarekin. Euskera hutseko komikigintzari eskainitako azoka bakarra da Euskal Herri mailan. 

Ostegunean azaldu zituzten azokari buruzko xehetasunak, Aitor Huizi Kultura zinegotziak eta Ainara Aiestaran liburutegiko arduradunak, HernaniKomiken parte hartuko duten zenbait sortzaileren laguntzarekin, hala nola, Ainara Azpiazu 'Axpi', Miekel Begoña, Dani Fano, Gregorio Muro, Koro Muro, Jon Zabaleta eta Alai Zubimendi.

Aitor Huizik hartu zuen hitza aurrena, eta jakinarazi zuen komikiaren diziplinari ikusgarritasuna ematea dela azokaren asmoa: «eta denborarekin, HernaniKomik egonkortzea nahi genuke, urteroko zita bihurtzea literatura eta arte grafikoak uztartzen dituena hain zuzen ere». 

Jarrian, Mikel Begoña Komikigileak azaldu zuenez, «komikiaren eragile ezberdinak auzolanean ibili gara hau guztia antolatzen. Jaialdi honek daukan balio inportante bat da euskal komiki munduak daukan aniztasuna kontuan hartuz zubiak eraikitzen dituela eragile ezberdinen artean».

Aurtengoan ere, azoka eta komiki aurkezpenak izango dira HernaniKomiken muina. Euskal komikigintzaren nobedadeen erakusleihoa izango da Atsegindegi plaza hilaren 17an eta 18an, hau da, datorren ostiralean eta larunbatean. Egun osoko azoka izango da bi egunetan eta 10 postuk osatuko dute azoka, ondorengoak hain zuzen: Ataramiñe; Denonartean; Dobera; Elkar; Harriet; Hernani Errotzen; Herrima; Gaueko; Sare antifaxista; Xabiroi-Ikastolen Elkartea; Udalbiltza eta UNRWA Euskadi.

Bederatzi komiki aurkezpen izango dira, eragileen presentziarekin, eta tartean izango dira sortzaile hernaniarrak ere. Ikasleentzako komiki tailerraz Ainara Azpiazu 'Axpi' arduratuko da, Hernaniko Institutuko DBH 2ko ikasleekin. Eta era berean, zuzenean marrazteko saioak ere izango dira.

 Juan Luis Landarentzako, Joseph Camino saria

Komikigintzan egindako ibilbidea aitortzeko Joseph Camino saria aurtengoan Juan Luis Landa komikigile errenteriarrak jasoko du. 40 urteko ibilbidea egin du komikigintzan. Ipurbeltz, Gabai edota Irati gisako komiki ezagunen atzean dago Landa. Komikigintzatik aparte, ilustrazio eta
marrazki bizidunen munduan ere aritutakoa da. Nazioartean errekonozitutako egilea da. Gainera, aurten nobedade gisa, hilaren 17tik 30era bere lanari buruzko erakusketa ikusgai izango da Biteri Kultur Etxean. Era berean, Landaren Orreagako kronikak abiapuntu hartuta, udal liburutegian, Wasconicam perfidiam, Orreagako guduaren inguruan marraztu diren komikiak bilduko dira.

 

HERNANIKOMIK

ATSEGINDEGIN

AZAROAK 17, OSTIRALA

11:00-14:30/17:00-20:00: Komiki azoka.

11:30: Komiki tailerra ikasleentzat.

17:00: IV. Komiki lehiaketaren sari banaketa (Dobera elkartea).

17:30: Komiki aurkezpena: Surflaria (Uxue Alberdi eta Susanna Martin).

18:00: Komiki aurkezpena: Hiru etxe Santa Monikan (Mikel Begoña eta Iñaket).

18:30: Komiki aurkezpena: Manga euskaraz (Iñaki Otamendi, Aritz Amillategi eta Koro Muro).

19:00: Komiki aurkezpena: Ño! (Maitane Gartziandia eta Eli Pagola).

AZAROAK 18, LARUNBATA

11:00-14:30/17:00-20:00: Komiki azoka.

12:00: Joseph Camino saria: Juan Luis Landa.

13:00: Dzirt-dzart saioa: zuzenean marraztuz. Unai Gaztelumendi eta Irati FG.

17:00: Komiki aurkezpena: Iker eta Ixone (Gregorio Muro).

17:30: Komiki aurkezpena: Elur gorrituaren egunak (Amaia Telleria eta Laida Ruiz).

18:00: Komiki aurkezpena: Artxipelagoa (Martin eta Xabier Etxeberria, eta Sanvi).

18:30: Komiki aurkezpena: Gora Euskal Herrientsak! (Asisko Urmeneta).

19:00: Komiki aurkezpena: Memoriaren ibaia (Juan Luis Zabala eta Mattin).

Azaroak 17-30:

Erakusketa: Juan Luis Landaren lanak (Biteri Kultur Etxean).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!