Bizilagunak

Tomas Elorza Ugarte 2023ko aza. 10a, 00:00

Datorren 19an, igandea, BIZILAGUNAK ekimena burutuko da Hernanin -AMHERek bultzatuta- eta Euskal Herriko nahiz Europako hainbat herrialdetan: familia migrante bat eta familia autoktono, edota gazte migranteak gazte autoktonoekin mahai baten inguruan elkartuko dira bazkaltzeko, 'Mahai historioak' lelopean.

Hernaniar asko izan gara migrante edo migranteen seme-alaba, batzuk gertuagotik eta beste batzuk urrutiagotik etorriak eta denon artean osatu dugu gaur egungo Hernani. Arrazoi ugari daude norbere lurraldea utzi eta lekualdatzea erabakitzeko orduan, gehienak mingarriak: arrazoi ekonomiko eta politikoak, gerrak, jazarpenak, ikasteko gogoa, bizitza duinago bat lortu nahia… Geure historia arakatu baino ez dugu herri migrantea izan garela jakiteko.

Aukera polita eskaintzen du ekimen honek besteengana hurbildu eta haien eta gure beharrak zein berdintsuak diren ikusteko, zein gertu gauden gauza askotan bata bestearengandik. Dauzkagun eta dauzkaten errezeloak hausteko balio du. Azken batean, herri bakarra osatu behar dugu, ez bi edo hiru komunitate elkarrengandik aparte.

Familian esperientzia hau bizi nahi dutenak ez dira damutuko. Harremanetan jartzeko, amhersosarrazakeria@gmail.com.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!