Eduardo Chillidaren jaiotzaren lehen mendeurrena ekitaldiekin ospatuko da

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 9a, 00:00

Luis Chillida, Lertxundi, Goia, Palencia, Zubiria eta Mikel Chillida.

Donostiako Miramar Jauregian aurkeztu zuten atzo eta hamalau erakusketa, musikarekin lotutako hiru proiektu, arte eszenikoekin lotutako beste bi, dokumental bat, hiru argitalpen eta ikasleentzako gida didaktikoa izango ditu.

Eduardo Chillidak 100 urte beteko lituzke datorren urtarrilaren 10ean eta artista donostiarraren jaiotzaren lehen mendeurrena ospatzeko Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak egitarau zabala aurkeztu zuen atzo Donostiako Miramar Jauregian. Programaren xehetasunak Mikel Chillida, eskulturgilearen bilobak ezagutarazi zituen eta aurkezpenean protagonista izan ziren Chillida familia, Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, Bingen Zupiria Kultura Sailburua, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Isaak Palencia Aldundiko Gazteria zuzendaria.

Horiek guztiak bat etorri ziren obraren indarraldian eta artistaren giza ondarean, bai eta programazioaren garrantzian ere, «Chillidaren urtea mugarria izango baita».

Hernanirekin oso lotua egon zen eta dago Eduardo Chillida, Lertxundi alkateak gogoarazi zuen bezala. «1951tik 1957ra Hernanin bizi izan zen, bere lau-seme alaba garai horretan jaio ziren, jakina da Chillida Leku museoa Hernanin dagoela kokatua eta Paristik etorri eta bueltan Hernanin bizitzen jarri eta gero burdinarekin lan egiten zuen burdindegia ere Hernanin zegoen».

Mendeurreneko programazioa aurtengo martxoan jarri zen martxan eta 2025garren urtera arte iraungo du. Bere obra agertoki ezberdinetan ezagutarazteko eta bereziki, belaunaldi berriei zuzenduta, diziplina anitzeko programa oso bat prestatu du Fundazioak. Besteak beste, 14 erakusketa, hiru argitalpen, ikus-entzunezko proiektuak dokumental bat barne eta ikasleentzako gida didaktikoa izango ditu.

«Programazio bizi onek aitaren obra ospatzen eta zabaltzen du. Bere lana ez ezik, bere balioa, sentsibilitatea eta arte garaikidearen historiari egindako ekarpenak ezagutarazteko aukera da», adierazi zuen Luis Chillida semeak.

Artistaren familia zabalak eta euskal kulturaren ordezkaritza zabalak, museoetako zuzendariek eta antolakuntzan partehartzen duten erakundeetako zuzendariek, mendeurrenaren hasiera babestu zuten. Luis Chillidak hunkituta gogoratu zuen bere amak, Pilar Belzuncek, gipuzkoar sortzailearen bizitzan eta obran izan zuen funtsezko papera.

Eduardo Chillida 100 urte Topalekua lelopean «mendeurrenak artistaren obra publikoa balioesten du. Hernani, Donostian, Madril, Valladolid, Palma, Bartzelona, Berlin, Frankfurt, Helsinki, Dallas edo Washington bezalako hirietako espazio publikoa gizartearentzako topaleku bihurtu duten 45 eskulturetan oinarritua, Chillida lekuen sortzailea zela agerian utziz eta bere obraren balioak eredugarrituz» nabarmendu zuen Mikel bilobak.

2024 eta 2025 urteen artean izango da egitarauaren erdigunea

Urtarrilaren 10an Chillida Lekun ospakizun ekitaldia antolatu da Victoria Eugenia Antzokian, baina mendeurrenaren ospakizuna joan den martxoan hasi zen, Chillida-Lekun Lugar de encuentros IV jarri baitzuten, Bilboko Arte Ederretako 13 tonako eskultura, Bizkaiko museoaren haunditze lanak amaitu arte ikusi ahal izango dena.

Hala ere, programazioaren erdigunea 2024 eta 2025 urteen artean izango da, baina 2026ra arte luzatuko da, artistaren alderdi ezberdinetara hurbiltzen diren hainbat erakusketekin. Chillida Lekuk, hainbat erakusketa eta jarduera izango ditu bere sortzailearen figura eta obra ospatzeko. Lehena, abenduaren 2an, Chillida Lekun, Maeght Unibertsoa, Chillidaren lanen eta Aimé Maeght martxante historikoak bere emazte Margaritarekin batera landu zituen artista batzuen arteko elkarrizketa proposatzen duen erakusketa. Museoan Georges Braque, Alexander Calder, Alberto Giacometti, Pablo Palazuelo, Julio González, Jean Arp, Barbara Hepworth, Antoni Tàpies, Joan Miró edo Marc Chagall-en pieza nabarmenak egongo dira.

San Telmo Museoak erakusketa bat eskainiko du udan, artista gisa sortu zen garaiko arteekin elkarrizketan, Tabakalerak azken joera artistikoetatik berrikusiko du bere lana, Balenciaga Museoak modarekin eta jostunarekin duen harremana jasoko du, eta Bilboko Arte Ederren Museoak edo Artiumek bakarkako nahiz taldeko erakusketak hartuko dituzte datozen hilabeteetan. Kutxaren Artegunean Jesus Uriarteren lanak aurkeztuko dira. Hogei urte baino gehiagoz artistari argazkiak atera zizkion Uriarte argazkilariak.

Euskal Herritik kanpo ere ospatuko dute mendeurrena erakusketa ezberdinekin ondorengo lekuetan: Museum Würth, Künzelsau; Avileseko Kultur Etxea, Txileko Unibertsitate Katolikoko Arte Galeria, Valladolideko Eskultura Museo Nazionala, Hauser &Wirth Menorca, San Diegoko Arte Museoa.

Arantxa Aguirrek 2024ko udazkenean Ciento Volando dokumentala aurkeztuko du. Eta nola ez, musikak ere izango du lekua, otsailean zehar, Euskadiko Orkestrak Antonio Lauzirikari eskatutako musikalarekin. Kursaalen, Gasteizko Antzoki Nagusian, Iruñeako Baluarten eta Euskalduna Jauregian aurkeztuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!