Estévezen 'Galeuzca, la periferia contra el páramo' hitzaldia, gaur

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 8a, 00:00

Argitaratu duen liburuari eta Galeuzcari buruzko azalpenak eskainiko ditu gaur 19:00etan Biterin.

Xosé Estévezek La periferia contra el páramo hitzaldia eskainiko du gaur 19:00etan Biterin, Galeuzca mugimenduari buruz, «Estatu espainiarreko zentralismo tradizionalaren kontra bloke unitario eta solidario bat artikulatzeko premia larritik abiatu zena».

Hernani Errotzenek antolatzen du Xosé Estévezen hitzaldia Galeuzca mugimenduari buruz. Izena 1933ko maiatzaren 13an agertu zen lehen aldiz Bilboko Euzkadi egunkari abertzalean.

1923ko ‘Aliantza Hirukoitza’ delakoaren ehungarren urtemuga ospatuko da aurten. Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko abertzaleen arteko harremanak orduan hasi ziren estutzen. Ordura arte, harremanak bilateralak izan ziren; galiziar eta katalanen artean edota euskaldunen eta katalanen artean. Galeuzca izena ordea, 10 urte beranduago agertuko zen, 1933. urtean. Galeuzca mugimendua, hasiera batean politikoa zena, periferiako hiru nazioen behar batetik abiatu zen. Espainiako estatu zentralista eta hertsiaren aurrean, hiruko bloke abertzale bateratu bat eta solidario bat artikulatzeko premiaz.

Bilaketa iraunkor baten gisa definitu daiteke, modu ziklikoan sinatutako itunen bitartez indartua izan zena. Euskal-galiziar-katalan akordio bat izan zen, gero eta autogobernu maila handiagoa lortzeko helburuarekin jaio zena. Soberaniaren premia azpimarratzen zen; batzuentzat autonomia integrala eskatzen zen, besteentzat federalismoa edo kofederelismoa, eta beste batzuentzat independentzia.

2023an 1923ko Aliantza Hirukoitzaren mendeurrena, 1933ko Galeuzcaren laurogeita hamargarren urteurrena eta 1998ko Bartzelonako Adierazpenaren 25. urteurrena ospatzen dira. Hori dela eta, Xosé Estévez historialariak independentismoa lortzeko borrokan jarraitzen duten hiru abertzaletasunen (euskalduna, galiziarra eta katalana) harremanen artean ibilbide narratibo-deskriptiboa eskaintzen du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!