Hernaniko musika bandek kontzertu berezia eskainiko dute Institutuan Santa Zezilia ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 8a, 00:00

Lehenengo aldiz bertako estalpea erabiliko da azaroaren 18an, 18:00etan, gazteekin hasita, gero helduekin eta azkenik batera.

Santa Zezilia musikarien patroia da eta azaroaren 22an ospatzen da. Egun horren bueltan hainbat kontzertu eta ospakizun egiten dituzte musikariek eta aurten azaroaren 18an,  Hernaniko Institutuko areto estalpetuan Hernaniko musika banda gazteak eta helduak kontzertu bana eskainiko dituzte, arratsaldeko 18:00etan hasita. Lekua lehenengo aldiz erabiliko da kontzertu bat eskaintzeko, eta aukeratua izan da eskaintzen duen entzumen baldintzengatik eta oinez nahiz kotxez iristeko ematen duen aukeragatik.

Lehenik banda gaztea arituko da eta bertan 40 lagunek jotzen dute Roberto Pachecoren zuzendaritzapean.

Hernaniko musika eskolako ikasle eta Donostiako kontserbatorioan ikasketa musikalak aurrera daramatzaten hernaniar gazteak parte hartzen dute. Banda gazte honen helburu nagusietako bat gazteei elkarrekin jotzeko esparrua eskaintzea da. Zapa, Loretxoa, My Way eta Coldplay Classics izango da eskainiko duten piezen programa.

19:00etan hasiko da helduen bandaren kontzertua. Zazpi obra eskainiko dituzte: Arsenal, Run to the light (perkusio taldea izango da protagonista obra honetan. Joan den urtean estreinatu zen Estatu Batuetan eta lehen aldiz joko da Europa mailan. Bertan bandako perkusionistaz gain, Jorge Pachecoren kontserbatorioko perkusio ikasleak arituko dira bertan), Brehme, Gernika, Neotango, Crown imperial eta Kapytan.  

Emanaldia amaitzeko, bi bandak batera arituko dira, bi obra eskainiz: Avengers eta El Zapa. Azken hau aski ezaguna da hau hernaniarrentzat. Felipe Sagarnaren omenez idatzi zuen Joaquin Ortegak Canariok eta banda formatuan eskaintzeko arregloak egin dira.   
Kontzertu ederraz gozatzeko aukera polita dute hernaniarrek eta bertara hurbiltzen den musika zale orok.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!