Huntzak 'Azkena balitz bezala' kontzertu berezia prestatu du otsailaren 3rako

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 8a, 00:00

Aitor Huizi eta Uxue Amonarriz, Huntza taldeko partaide hernaniarrak.

Taldeko Uxue Amonarriz eta Aitor Huizi hernaniarrekin batera Miribillako azken emanaldian: Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, ​​​​​​​Olatz Salvador, Kristina eta Amaia, Xabi Solano eta Tremenda Jauria ariko dira.

Huntza taldeak azken kontzertua eskainiko du otsailaren 3an Bilboko Miribilla Arenan, 20:00etan. Azken despedida emanaldian taula gainean lagun izango dituzten izarrak ere iragarri ditu Huntzak. Aspaldian eszenatokian batera ikusi ez diren artista askoz gozatzeko aukera izango da. Ia hamarkada bateko ibilbidea itxiko dute horrela, lagun artean: Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Kristina eta Amaia, Xabi Solano, Olatz Salvador eta Tremenda Jauria taldeek hartuko dute parte Azkena balitz bezala kontzertuan, zuzendari artistiko lanetan Pablo Novoa izango dutelarik.

Huntza taldeko partaide dira Aitor Huizi eta Uxue Amonarriz hernaniarrak eta agurrean herrikide diren Kristina eta Xabi Solano alboan izango dituzte. Hala ere, hurrengo asteetan talde gehiago iragarriko dituzte, oholtzan izango diren lagunen zerrenda luzea izango baita. 

Zahar nahiz berri, oholtzara ekarriko dituzte azken hamarkadetako euskal musikaren protagonistak eta haien kanturik ezagunenak; Huntzako taldekideentzat txikitako erreferente izan direnetatik hasi eta gaur egun lagun eta erreferente diren artistetaraino. Aukera berezia izango da, horietako asko erretiratuta baitaude gaur egun.

 

Sarreren %80a dagoeneko salduta

Azkena balitz bezala izena jarri diote azken kontzertuari, halaxe gozatu dutelako birako azken kontzertu bakoitza. Hogeitik gora emanaldik osatu dute Azken bira balitz bezala despedida bira, eta amaiera borobila eman diote, Bartzelonako Razzmatazz aretoan, Madrileko Teatro Eslava aretoan eta Valentziako Festardor Festival-ean eskeinitako kontzertuekin. Otsailean Bilbon egingo duten kontzertuko pistako sarrera guztiak agortu ostean, gradak ireki dituzte, eta sarrera hauen %80a salduta dago jada. Sarrerak huntza.eus webgunean eta WeGow plataforman daude eskuragarri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!