Haurrentzako partaidetza kanal egonkorrak diseinatuko dira Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 7a, 00:00

Hernanikoa esperientzia pilotua izango da.

Esperientzia pilotua da eta Oinherrirekin eta herriko eragileekin batera gauzatuko da prozesua.

Haurrentzako partaidetza kanal egonkorrak diseinatzeko eta partehartze kultura haurtzarotik birpentsatzeko esperientzia pilotua martxan jarriko da Hernanin, Oinherrirekin elkarlanean.

2020tik Hernaniko Udala Oinherri Herri Hezitzaileen sareko kide da. Ordutik, elkarlanean herri hezitzaileago bat eraikitzeko urratsak eman dira. Erronka haundia da haurren partaidetzan oinarritutako herrigintza egokitzea eta jorratzea. Partehartzea herri hezitzaileak eraiki eta sustatzeko oinarrizko tresna dela jakinik, bide horretan urrats berriak emateko asmoa du Hernaniko Udalak. 
Oinherri Herri Hezitzailea osatzen duten eragileek Parte Hartuz ikerketa taldea (EHU/UPV), Emagin eta Joxemi Zumalabe Fundazioarekin elkarlanean, partehartze kultura desberdin bat sustatzeko marko posible baten proposamena landu dute; partehartze kultura haurtzarotik birpentsatutakoa.
Oinherrik  marko hori aurkezteko eta hedatzeko jardunaldiak antolatu zituen  joan den urriaren 28an, Oñatin. Hernaniko Udaleko Hezkuntza sailak ere parte hartu zuen bertan. Han aurkeztu ziren landutakoa praktikara eramateko abian jarriko diren esperientzia pilotuak. Lau herritan garatuko da eta horien artean dago Hernani. Beste hirurak Itziar, Oiartzun eta Segura izango dira.

 

Herriko eragileekin egingo den prozesua

Esperientzia pilotu honen helburua Hernaniko haurren partaidetzarako kanal iraunkorra diseinatzea izango da. Oinherriko dinamizatzaileek bideratuko dute taldea eta bertako kide izateko gonbidapena luzatu zaie herrian haurrekin lan egiten duten eragileei: ikastetxeak, guraso elkarteak eta Udala. Gonbita onartzen duten eragileekin 10 ordezkariko lantaldea osatuko da eta azarotik apirilera haurren parte-hartzea nola egituratu landu eta adostuko dute.

Hernaniko Udalak haurren partaidetza kultura berria sustatu nahi du, modu sistematiko eta egonkorrean, haurrak subjektu aktibo eta komunitateko agente eraldatzaile izan daitezen. 
Axier Mingo Hezkuntza zinegotziak Oinherriren jardunaldian azaldu zuenez, «pozez hartu dugu gonbidapena eta, era berean, ardurarekin. Horrelako proiektu batek ardura eskatzen du, saiatzea eta trebatzea. Partehartzearen kultura ez da berria Hernanin, baina haurrengana hain zuzenduak daudenak edo haurrek egingo dituztenak nahiko berriak dira guretzako». Gaineratu zuenez, «politika publikoak ertzetan daudenekin egiten direnean, denok irabazten dugu eta horretan jarriko dugu indarra Hernanin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!