Porrota Jarak eta Altunak Orion, Gipuzkoako Txapelketako azken fasean

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 7a, 00:00

Xabier Apaolaza, apirileko partidu batean.

22-21 galdu zuten Jarak eta Altunak, Orioren aurka. Apaolaza eta Lizeaga bikoteak ere ez zuen garaipenik lortu: 14-22.

Partidu ugari jokatu dituzte CD Hernaniko pelotariek, asteburuan. Hernaniren kasuan, 14 garaipen lortu dituzte pelotariek, eta beste 20 partiduak porrotak izan dira, tartean, seniorren partidu garrantzitsuak. 

Erabakigarria izan zen larunbatean Jon Jarak eta Josu  Altunak Orioren aurka jokatutako norgehiagoka. Gipuzkoako Txapelketako hirugarren mailan ari dira lehiatzen, eta 22-21eko porrota jaso zuten Aranuru-Albeniz bikotearen aurka. Beraz, partidua galdu ostean, azken fasera sailkatzeko bidea zailagoa du bikote hernaniarrak. 

Bide beretik, Ohorezko Mailako seniorrak; izan ere, Xabier Apaolazak eta Markel Lizeagak 14-22 galdu zuten Senar-Garmendia bikotearen aurka, Gipuzkoako Txapelketan. Hasiera batean bikote hernaniarra aurretik joan bazen ere, bigarren zatian Senar-Garmendia bikoteak dena eman zuten eta partiduaren jaun eta jabe egin ziren 

Emaitza onena bigarren kategoriako jubenil mailako jokalariek lortu zuten Gipuzkoako Txapelketan, hain zuzen, Beñat Olazabalek eta Markel Urdangarinek. Bikote hernaniarrak Altuna eta Goikoetxea bikote tolosarra garaitu zuen 22-12 emaitzarekin. Une honetan, kategorian lider daude, sailkapen fasea amaitzeko bi partiduren faltan.

Era berean, aipatzekoa da infantil mailako Oier Arsuagak, Lier Zugastik eta Unax Mendiablek probintziako txapelketan garaipen ederrak lortu zituztela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!