«Hernaniko industriak 6,4 milioi euro baino gehiago jaso ditu Espainiako Gobernutik»

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 6a, 00:00

Hernaniko PSE-EEk nabarmendu du, «herriarekin konpromisoa» hartu duela Pedro Sánchezen gobernuak, «enpresei babesa emanez».

Espainiako Gobernuak Hernaniko enpresei emandako dirulaguntza baten berri eman du Hernaniko PSE-EEk, egunotan. Azaldu duenez, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak dagoeneko argitaratu du gas-industriarako laguntzen deialdiaren ebazpena. Gasaren erabilera intentsiboa duten jarduerak garatzen dituzten enpresei zuzendutakoa da dirulaguntza, 450 milioi eurokoa guztira; eta horrekin, konpentsatu nahi dute enpresek izan duten kostu gehikuntza, 2022an haunditu egin baitzen energia mota horren kostua.

Hernaniko sozialistek aditzera eman dutenez, 6,4 milioi eurotik gorako dirulaguntza utzi du ebazpenak Hernanin. «Herriko gas-industriak kopuru hori jasoko du Ukrainaren inbasioak gasaren prezioan izan duen eragina arintzeko, 2022an jarduera geldialdiak izan baitzituen». Zentzu horretan, Ricardo Crespo bozeramaile sozialistak goraipatu ditu «Pedro Sánchezen gobernuak Hernanirekin duen konpromisoa eta apustua. Berri­ro ere agerian utzi nahi dugu gure herriaren enpleguarekiko eta jarduera industrialarekiko kon­promiso sozialista, maila ins­tituzional guztietatik, enpresei lagunduz beraien jarraipena lor­tzeko eta langileen lanpostuek etenik izan ez dezaten».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!