Gaur hasiko da Mendizale Astea, gure motxila ikusezineko itzaletan sakonduz

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 6a, 00:00

Alex Areizagaren 'Itzalak' ikusentzunezkoaren irudi bat. Gaur proiektatuko dute Biterin.

Alex Areizagaren 'Itzalak' proiekzioak emango dio hasiera Mendiriz Mendiren bost eguneko zikloari, 19:30etan Biterin; eta mendi irteerarekin borobilduko dute astea igandean.

Azaroarekin batera, bueltan da Mendizale Astea beste urte batez, Mendiriz Mendik antolatuta. Gaur hasiko da, eta mendiarekin lotutako proiekzioek hartuko dute Biteriko areto nagusia bost egunez, ostiralera bitarte. Igandean, berriz, Bazkide Eguna ospatuko dute: mendi irteera batekin borobilduko dute aste berezia.

Alex Areizagaren 'Itzalak' ikusentzunezko lanaren proiekzioak emango dio hasiera Mendizale Asteari, gaur iluntzeko 19:30etan Biterin. Gure motxila ikusezineko itzaletan sakonduko du lanak: «Guztiok daramakigu motxila ikusezin bat gurekin. Beldurrak, desirak, malkoak edota hutsuneak zamatzen ditugu bertan. Ezin uki daiteke, ezin ikusi, baina zama horrekin abiatzen gara mundura, baita gailurretara ere. Lan honek motxila horretan eta bertan daramazkigun itzaletan sakondu nahi du». 'Elurretako Lehoinabarra' izendapen alpinistikoa hartuko du horretarako oinarri, Joseba Iztuetaren eta Andoni Ormazabalen eskutik; eta gogoetan batuko zaizkie Reinhold Messner, Nives Meroi, Romero Benet eta Juanjo San Sebastian.

Proiekzio bana izango da ostegunera bitarte, Biterin, ilun­tze­ro 19:30etan. Bihar, 'Westfjords bizikletaz' eskai­niko dute, Igone Ma­­riez­ku­rrenaren eskutik. Islandiako ipar-mendebaldeko fiordoetan, West­fjords eskualdea bizikletaz eta autosufizientzian esploratzeko erronka kontatuko dute ikusentzunezko lanean. Toki ezezaguna da, eta 7.000 biztanle baino gutxiagoko bizi dira 22.270 metro karratuko azaleran, gehienak arrantzaleak eta abeltzainak. «Islandiara doazen bisitariak ez dira bertara iristen, eta zentzu horretan, herrialdearen altxorra da, natura basatia gordetzen baitu bere baitan, ukitu gabea. Errepideen erdia baino gehiago asfaltatu gabe dago oiraindik, eta tundrako klima izugarri aldakorra, haizetsua eta hotza da, udaberri zein uda betean ere. Zenbaiten hitzetan, Europako azken bazter basatia da».

Etxetik gertuago eramango ditu Biterira bertaratzen direnak, asteazkeneko emanaldiak: 'Aketegiko Mari, alpinismoa eta mitologia uztartzen' kontakizuna eskainiko du Koke Lasak, «Euskal Herriko paisai ederrez gozatuz, ezohiko begiradatik». Kon­takizun horretan, mendizale gazte batzuek ahalegina egin­go dute Aketegiko Mari eta bere haitzuloa aurkitzeko, eta horrek eramango ditu Aizkorrira, hainbat korridore igo eta Mariren beste zenbait bizileku bisitatzera.

Eta osteguneko proiekzioa, Unai Goikoetxearena izango da: 'Mendiko eskia Lofoten uhartean'. Fiordo eta laku izoztuez inguratutako mendi eta herriak ikusteko aukera izango dute bertaratuek, zirkulu polarretik gora dauden uharte ikusgarrietan.

Ostiralerako, ohi bezala, zita bikoitza jarri dute Biterin. Aurre­na, 18:00etan hasita, gaztetxoen irteeretako argazkien bilduma ikusteko aukera izango da, eta dominak banatuko dizkiete ber­tan. Eta ondoren, Mendizale As­teko Argazki Lehiaketaren sa­­riak banatuko dituzte. Saioa bukatzeko, proiektatuko dituzte elkarteak urtean zehar egindako jardueretako argazkiak.

Bazkide Egunarekin borobil­duko dute Mendizale Astea, igan­dean. Horretarako, mendi irteera egingo dute aurrena, Biriatutik Berara, Xoldokogaina ton­torraz eta bere ikuspegi paregabeaz gozatuz; eta elkarrekin bazkalduko dute gero.

 

MENDIZALE ASTEKO EGITARAUA

Gaur, 'Itzalak' proiekzioa, Alex Areizagaren eskutik. 19:30etan, Biterin.

Bihar, 'Westfjords bizikletaz', Igone Mariezkurreranen eskutik. 19:30etan, Biterin.

Etzi, 'Aketegiko Mari', Koke Lasaren eskutik. 19:30etan, Biterin.

Ostegunean, 'Mendiko eskia Lofoten uhartean', Unai Goikoetxearen eskutik. 19:30etan, Biterin.

Ostiralean, Gaztetxoen irteeretako argazkien bilduma ikusteko aukera eta dominen banaketa, 18:00etan. Ondoren, XLIV. Argazki Lehiaketaren sari banaketa, eta elkarteak urtean zehar egindako jardueretako irudien proiekzioa.

Igandean, Bazkide Eguna. Mendi irteera: Biriatu-Xoldokogaina-Bera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!