Zelai lokaztuaren zailtasunak atzean utzita, Bera Bera menderatu eta lider jarri da Hernani

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 5a, 00:00

Anartz Elosegi Jokin Oleari pasea ematen, bigarren entsaioa lortzeko.

Trikoloreak 38-3 nagusitu ziren donostiarren kontrako derbian, eta sailkapenaren buru jarri dira Ohorezko B Mailan, ligaxka erdia osatuta.

Sendo baino sendoago jarraitzen du Hernanik, Ohorezko B Mailan. Trikoloreek beste garaipen bat lortu zuten atzo, denboraldiko bosgarrena bost partidutan, Bera Bera 38-3 menderatuta Landaren. Garaipena eta erasoko bonusa eskuratuta, sailkapeneko buru jarri dira hernaniarrak, 24 punturekin; eta halaxe bukatuko dute jardunaldia. Izan ere, jardunaldi honetan izango du atsedena Uni Bilbaok, orain arte 20 punturekin lider zenak.

Azken egunetako euri zaparraden ondorioz, lokaztuta eta putzuz josita zegoen Landareko berdegunea. Partidu konplikatua eta trabatua espero zen, beraz, eta halaxe izan zen, aurreneko 20 minutuetan bereziki. Trikoloreak nagusitu egin ziren baloiaren jabetzan, baina lokatzak zaildu egin zien entsaio gunera nahi bezainbeste gerturatzea. Aldiz, Bera Berak lortu zituen aurreneko puntuak 22garren minutuan, bere aukera bakanetako batean, zigor kolpe baten bitartez (0-3).

Berehala geratu zuen ezerezean markagailu hori, trikoloreen erauntsia iritsi baitzen hortik aurrera, bereziki ostikoekin zein baloia hegaletara mugitzen bikain aritu zirelako, lurreko joko trabatua saihesteko. Oso denbora tarte txikian, hiru entsaio lortu zituen Hernanik, atsedenera iritsi aurretik: Anartz Elosegik ostikoz egindako bi pase baliatu zituzten Jokin Oleak eta Aimar Gorrotxategik, baloia marraren beste aldean pausatzeko; eta taldearen jokaldi elegante bat borobildu zuen Oleak berak. Hiru entsaioetatik, bi transformatu zituen Gaizka Arrizabalagak, eta 19-3 iritsi ziren atsedenaldira.

Hernaniren kolorea besterik ez zuen izan bigarren zatiak, eta beste hiru entsaio lortu zituen, Einar Arratibelen, Anartz Elosegiren eta Jokin Garciaren eskutik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!