Osiñagako ekoizleen produktuak, herri kirolak, bertsoak eta sagardoa gaur, Udazkeneko Azokan

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 5a, 00:00

Aurtengo Osiñagako Jaien barruan ere jarri zuten azoka txiki bat, ekoizleek.

Estreinakoz antolatu dute azoka Osiñagako auzotarrek, eta 11:00etatik 13:30etara izango da, Itxas-Buru sagardotegiko aparkalekuan.

Auzoko ekoizleen produktuak ezagutarazi nahian eta bertakoa kontsumitzearen aldeko apustua sustatzeko asmoz, Udazkeneko Azoka antolatu dute Osiñagako auzotarrek, gaurko. Itxas-Buru sagardotegiko aparkalekuan izango da festa, goizeko 11:00etan hasi eta eguerdiko 13:30ak arte.

Lau postu jarriko dituzte azokan, auzoko sei ekoizleren produktuekin: Lurrarekiko Harremana, Perrapa baserria, Arriatzu baserria, Zatika diseinuak, Telleria haragiak eta Txintxuenea. Hori horrela, denetik izango da eskuragarri azokan: haragia, gazta, barazkiak, bitxiak...

Baina postuez gain, beste hainbat ekintza ere prestatu dituzte, goiza girotzeko. Batetik, herri kirol erakustaldia eskainiko du Kimetz Oñederra aizkolariak. Bestetik, umorez alaituko dute azoka Andoni Mujika 'Anatx' eta Iker Ormazabal ' Tturko' bertsolariek. Eta azkenik, jan-edanerako aukera ere izango da: sagardoa eta pintxoak eskainiko dituzte. Auzoko sagardogileek jarritakoa izango da dastaketako sagardoa, eta auzoko produktuekin egindakoak izango dira pintxoak.

Auzoko ekoizpenari eta horren atzean dagoen lanari garrantzia eman nahi diote azokarekin, eta zentzu horretan, nabarmendu dute «oso auzo berezia» dela Osiñaga: «Herritik oso gertu dago, baina landa eremuko auzo garrantzitsu bat da, ekoizle asko gaudelako bertan, sagardogintzan, baratzegintzan, abeltzaintzan... Lehenengo sektoreko eremu asko hartzen ditu».

Proba moduko bat izango da gaurko Udazkeneko Azoka, baina asmoa da datozen urteetan ere antolatzea, herritarrak bertaratuz gero: «Osiñagan jende asko ibiltzen da paseatzen, eta horregatik antolatu dugu Itxas-Burun, gertu dagoelako eta eskuragarriagoa delako, erosoagoa». Herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!