Boluntario sarea osatzeko aurreneko bilera antolatu du Udalak, astearterako

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 4a, 00:00

Hernaniko bizilagun etorriberriei euskeraren lehenengo oinarriak erakusteko prest dauden herritar boluntario sarea osatu nahi du Hernaniko Udalak. Horretarako, lehenengo bilera deitu du datorren azaroaren 7rako, Kulturarteko Plaza Feministan, arratsaldeko 17:30etan. Boluntario izango direnen lana errazteko, Hernaniko Udalak adierazi du orientatzaile bat jarriko duela. Udalaren Kulturartekotasun saila eta Euskera zerbitzuak dira ekimena bultzatu dutenak, AMHER elkartearekin batera. 

 

Harreraren aldeko apustua, hizkuntzarekin

Hernaniko Udalak aditzera eman du 2021eko datuen arabera, hernaniarren %10.3a jatorri atzerritarrekoa dela: «eta Hernani hazten ari bada, etorriberriei esker da. Denoi dagokigu pertsona horiei harrera egokia egitea, eta harreraren alde garrantzitsuenetako bat hizkuntzarena da, euskerarena, guri dagokigunez». 

Pasa den irailaren 21ean, Jon Maia bertsolariak eskainitako hitzaldia ekarri du gogora Udalak, eta azaldu zuen hainbat lagunek hitzaldiaren ondoren bertan eman zutela izena boluntario izateko, «baina talde hori haunditu eta osatu nahi da. Horregatik, herritar euskaldunak animatu nahi ditugu boluntario izan eta bilerara etor daitezen, «sustraiak zuhaitz bihurtzen lagun dezaten».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!