Udalaren eta KABIAren arteko hitzarmena egokitu dute, egungo egoera islatzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 4a, 00:00

Iraileko plenoko argazkia.

Alderdi sozialistak aurkeztutako mozioa ere onartutzat eman zuten, aho batez.

Pasa den asteartean egin zuten urriko osoko bilkura, Hernaniko Udalak, eta landutako gai guztiak aho batez onartu ziren. Landutako gaien artean, batetik, Hernaniko Udaleko eta Ereñotzuko Entitate Txikiko udal langileek soldata urte hasieran igotako %2,5az gain, beste %0,5 igotzea onartu zen. Eta bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko KABIA organismoarekin 2021ean sinatutako hitzarmenean berrikuntzak txertatzea ere onartu zen. Ordutik, Hernaniko zaharren egoitza eta eguneko zentroa KABIAk kudeatzen ditu, Udalaren jabetzako eraikinean. Jangela sozialaren prezioen eguneratzea, orain arte Udalak bere gain hartu dituen uraren eta saneamenduaren gastuak konpartitzea eta obrak egin ondoren bulegoen antolaketa berria islatuko dira hitzarmenean.

Alderdi sozialistak, babesgune klimatikoen inguruan aurkeztutako mozioa ere onartu zuten aho batez, eta mozioan  ondorengoa adierazi zuten, besteak beste, «Hernani berdegune eta zuhaizti ugariko udalerria izan arren, beharrezkoa dela tenperatura altuetan babesleku izan daitezkeen guneak ezagutzea, identifikatzea eta seinalatzea. Eta horrenbestez, alderdi sozialistak mozioarekin eskatu zuen zonalde horietan azterketa bat egitea: «identifikatu ahal izateko, kanpoaldeko zein barrualdeko tokiak izan, eta horrela, hernaniar ahulenak, gure nagusiak edo txikienak, tenperatura altuetatik babestu ahal izateko». Eta ondokoaz ere kexatu zen Ricardo Crespo, PSE-EEko bozeramailea: «azken aldian zementu gehiegi duten jarduerak izan dira zenbait parke eta plazetan». Eta horregatik, Udalari eskatu dio besteak beste, behar duten ikastetxeetako patioak berdetzea. 

Amaitzeko, eskari-galdera atalean, herritar batek ostalaritza establezimendu batekin dituen arazoen berri eman zuen eta aldi berean, soluzio bat eskatu zion Udalari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!