Gaur arratsaldean hasiko da LIII. Binakako Erremonte Txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 4a, 00:00

Ostegunean egin zuten aurkezpen ekitaldia Oronan.

Arratsaldeko 16:30etan hasiko da jaialdia. Bi hilabete iraungo ditu txapelketak.

Gaur arratsaldean hasiko da LIII. Binakako Erremonte Txapelketa. Hiru partidu jokatuko dira lehenengo jardunaldian: lehenengo mailako bi, Urriza-Azpiroz/Aldabe-Barrenetxea IV eta Ansa II-Martirena/Segurola-Juanenea bikoteen artekoak; eta bigarren mailako bat, Loitegi-Eskudero/Irazu-Apezetxea partidua. Arratsaldeko 16:30etan hasiko da jaialdia, bigarren mailako txapelketarekin. 

Ostegunean egin zuten aurkezpen ekitaldia Oronan. Bertan izan ziren txapelketan parte hartuko duten erremontariak, eta lehiaketaren nondik norakoak azaldu zituzten. Guztira bost bikote osatu dituzte lehiarako, eta hiru fase izango ditu txapelketak; ligaxka, finalaurrea eta finala. 

Ligaxkan denek denen aurka jokatu beharko dute, eta 7 jardunaldi izango dituzte horretarako, gaurtik abenduaren 16ra. Aurtengo edizioan set formatuan jokatuko dira partiduak, 15 tantuko bi joko izango dira, eta, beharko balitz, 8 tantuko hirugarrena. Hala, emaitzaren arabera, sailkapeneko puntuak pilatzen joango dira bikoteak: 2-0 irabazten dutenek 4 puntu, 2-1 irabazten dutenek 3 puntu, 1-2 galtzen dutenek puntu 2, 0-2 galtzen dutenek 0 puntu eta 15 tantura iristen ez den bikoteak -1 puntu.

Ligaxka amaituta, zuzenean finala jokatzeko txartela lortuko du lehenengo postuan dagoen bikoteak, eta finalaurrea jokatuko dute bigarren eta hirugarren sailkatuak. 

Finalaurrea partidu bakarrera jokatuko da abenduaren 23ko jaialdian, eta abenduaren 30ean izango da final haundia. 

Txapelketa berdindua izango dela espero dute

Antolatzaileek nabarmendu dute aspaldiko txapelketa berdinduena izango dela aurtengoa. Urriza-Azpiroz izan daiteke bikote faboritoa.

 

LEHENENGO MAILA

URRIZA-AZPIROZ
ALDABE-BARRENETXEA IV
EZKURRA II-LARRAÑAGA
ANSA II-MARTIRENA
SEGUROLA-JUANENEA

BIGARREN MAILA

LOITEGI-ESKUDERO
ZALDUA II-AIESTARAN VI
URRUTIA II-ZALDUA I
IRAZU-APEZETXEA
GURRUTXAGA-ZUBIRI

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!