«Azokarekin nahi dugu herritarrek bertakoa kontsumitzea, eta Osiñaga auzoko lehen sektoreari balioa ematea»

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 4a, 00:00

Bertako elikagaiak jarriko dituzte erdigunean, bihar, Osiñagako Udazken Azokan.

Bihar goizerako 2023ko Udazkeneko Azoka antolatu dute Osiñaga auzoko zenbait ekoizlek. 11:00etatik eguerdiko 13:30etara bitartera izango da azoka, Itxas-buruko parkinean, eta azokaz gain, goizerako egitarau oparoa prestatu dute, hala nola, herri kirolak, bertsolariak, pintxoak eta  sagardo dastaketa.

Bertako produktuek hartuko dute protagonismoa bihar, Osiñagan. Izan ere, 2023ko Udazkeneko Azoka antolatu dute, goizerako, Itxas-Buru sagardotegiko parkinean. Sei ekoizleren produktuz osatutako lau postuko azoka izango da biharko, eta ondorengo ekoizleen produktuak izango dira bihar erosgai: Lurrarekiko harremana barazkiak, Perrapa baserriko haragia, Arriatzu baserriko barazkiak, Zatika diseinuko bitxiak, Telleria baserriko haragia eta Txintxuenea baserriko gaztak. Beraz, mota guztietako jakiak eta bertako produktuak erosteko aukera izango dute bihar, herritarrek. 

Horrenbestez, baserrigintzaz, eta Osiñaga auzoko lehen sektoreaz jardun du Kronikak Zuhaitz Urbistondorekin (Lurrarekiko harremana) eta Ane Zeberiorekin (Arriatzu), eta harrotasunez jardun dute gazte baserritarrek, besteak beste, azokako antolaketaz, baserriaz eta honek atzean duen lanaz.

«Herritarrek bertako produktuak kontsumitzea» dute helburu biharko antolatu duten azokarekin: «bertako produktuak zabaltzea eta ezagutaraztea nahi dugu. Herritarrak animatu nahi ditugu guzti honen atzeko lanaz jabetzera eta honekin bertakoa kontsumitzeko gonbitea luzatu nahi dugu. Azokarekin eman nahi diogu garrantzia bertakoari, 0 kilometrori», azaldu du Urbistondok. Zeberio bat dator Zuhaitzek aipatutakoarekin, baina aldi berean Osiñaga auzoari eman dio protagonismoa: «Azpimarratu nahiko nuke, herritik oso gertu dagoen auzo bat dela Osiñaga, landa eremuko  auzo garrantzitsu bat da, zentzu horretan, ekoizle asko gaudelako bertan, sagardotik hasi, baratzagintza, abeltzaintza… denetarik dago. Oso auzo berezia da zentzu horretan, lehenengo sektoreko eremu asko hartzen ditu, eta garrantzitsua da hori aipatzea, eta horri balioa ematea, Osiñagan dagoenari».

Azokaz gain, bihar goizean,  herri kirolen erakustaldia ere eskainiko du Kimetz Oiñederrak; eta bertsotan jardungo dute Tturkok eta Anatxek. Era berean, goseak asetzeko aitzakia hartuta, eskainiko dituzte txorixo eta haragi egosi pintxoak eta salda bero-beroa. Pintxoez gain, sagardo dastaketa eder batez gozatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek, Osiñaga Auzoko sagardotegi guztietako sagardoekin. «Antolatu nahi genuen azoka, baina hortaz gain, nahi genuen antolatu egun berezi bat, beraz, horregatik gauza gehiago antolatu dira, baina finean, azokak du protagonismoa noski, erdigunean jarri nahi ditugulako hemengo produktuak eta hemengo landa eremua» aitortu dute Zeberiok eta Urbistondok.

Aurrenekoa, baina ez azkena

Aurtengo asmoen «arabera» hurrengo urteetan ere Udazkeneko azoka antolatzeko prestutasuna erakutsi dute Osiñagako bi gazteek: «Biharko antolatu dugun azoka hau izango da froga moduko bat. Ikusi nahi dugu ea herritarrak bertaratzen diren. Osiñaga auzoan jende asko ibiltzen da paseatzen, eta orduan egingo dugu azoka Itxas-Burun, gertu dagoelako eta herritarrentzat eskuragarriago dagoelako, ez da Arriatxun izango. Herritarren erosotasuna ere begiratu dugu, herritarrak hurbiltzeko batik bat. Ea aurtengo azoka nolakoa ateratzen den eta datorren urtean erabakiko dugu aurrera egin edo ez, igandekoaren arrakastaren arabera noski». Eta Osiñaga auzoko gazteek argi utzi dute, biharko azokak arrakasta izanez gero, datozen urteetara begira, gustura hartuko dutela azoka gauzatzeko batuta.

Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren egoera, egun

Bai Urbistondok eta bai Zeberiok ere, argi dute gaur egun ez dagoela baserriko joera; «ez behintzat gazteetan», hala aitortu du Zeberiok: «Uste dut urte askotan zehar izan dela sektore bat oso itzalean egon dena. Ez zaio aukerarik eman etorkizunari begira, esan nahi dut, gazteei esan zaie oso lan prekarioa dela eta oso-oso gogorra, eta badauka maila ‘baxua’ gizartean». 

Jarraitu dugunok baserriko lanetan, izan da etxean jaso dugun heziketagatik edo egunerokoan ikusi dugulako. Eta gaur egungo egoerak ikusita, uste dut badela baserrigintza eta horrek dakarrena birmoldatzeko garaia. Bizimodu duin bat eman daiteke baserritik, eta hori helarazi nahiko genuke, batez ere gazteei. Lehenengo sektoreak bere lana du, baina beste edozein lanbide baten gisakoa da, alde onak eta txarrak dauzka, noski. Baina argi dago bertatik bizi daitekeela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!