Balenciaga museoan eskainiko du kontzertua gaur, Bitartean taldeak

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 3a, 00:00

Gaurko eszenatokia «ezin bereziagoa» izango dela azaldu du Bitarteanek.

Gaueko 22:00etan hasiko da kontzertua, Getariako Balenciaga museoan, Gure Txeru dantza taldearekin batera.

Gaur gaueko 22:00etan, kontzertua eskainiko du Hernaniko Bitartean folk taldeak Gure Txeru dantza taldearekin, Getariako Balenciaga museoan. Kontzertu honekin, azken lana ezagutzera emateko kontzertu birari emango dio hasiera Bitartean taldeak. Euskal Herriko eta Argentinako doinuak nahastuko dituzte kontzertuan, ohi bezala, eta Hernaniko Musika Bandarekin estreinatutako lana Getariako Musika Bandarekin landu du oraingoan. Horrenbestez, Bitartean folk taldea gogotsu agertu da, izan ere, aitortu du gaurko eszenatokia «ezin bereziagoa» dela. Sarrerak salgai daude, Getariako turismo bulegoan. 

Birari jarraipena emateko, beste bi hitzordu ere lotuta ditu taldeak, urtea bukatzerako: azaroaren 24an Lazkaon ariko da eta abenduaren 23an Zornotzan, aldiro tokian tokiko musikari eta artistekin elkarlanean.

 
Formatu haundira salto 

Azken urteetan, Bitartean talde hernaniarrak sortu eta bildutako doinu nahiz hitzak formatu haundira egokitu ditu. Lehen laukotean jotzen zituen doinuak Musika Bandetarako moldatu ditu. Jagoba Astiazaran eta Eduardo Moreno konpositoreak izan dira doinu hauek moldatu dituztenak, lehen taldeak jotzen zituen kantuei beste kolore eta distira bat emanez.

Musikari dagokionez, 12 doinu grabatu dituztela aipatu dute taldekideek: 8 Hernaniko Bandarekin eta 4 laukotean. Grabaketari buruzko nondik norakoak azaldu dituzte eta esker hitzak eskaini dizkiote bandari eta Jorge Pachecori: «Bandarekin grabatutakoak lehendik sortutako doinuak dira, eta Euskal Herria eta Argentina arteko ibilbide nahasketak dituzte oinarri. Bi herrialdeetako doinu, melodia eta erritmo jolasak entzun ahal izango dira diskoan. Beste 4ak, berriz, bi konposizio berri eta beste bi moldaketa dira. Moldaketak Astor Piazzollaren bi obra dira, eta beste bi konposizioak, taldekideek sortutakoak. Proiektu honetan, bidelagun izan dugu Hernaniko Musika Banda. Berau izan da lan hau prestatu eta grabatzeko ardura hartu duena. Azpimarratzekoa da lan hau herri mailako proiektu gisa gauzatu arren, lortutako emaitza profesionala izan dela, eta gure esker ona eta zorionak helarazi nahi genizkioke banda guztiari, eta, bereziki, honen zuzendari Jorge Pachecori»

Era berean, Bitartean folk taldearen hirugarren disko den hau erosteko aukeren berri sare sozialen bitartez eman du taldeak. Baina, emanaldietan ere izango da disko hau erosteko aukera: gaur Getariako Balenciaga museoan, azaroaren 24an Lazkaon eta abenduaren 23an, Zornotzan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!