Haurren eta nerabeen familientzako Treba hitzaldiak antolatu ditu azarorako, Udalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 3a, 00:00

Azaroaren 6an izango da aurreneko saioa. Argazkia: Nerea Mendizabal.eus.

Aurreneko hitzaldia datorren astelehenean izango da, Nerea Mendizabalen eskutik, arratsaldeko 17:30etan hasita, udaletxeko areto nagusian.

Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria sailak, hirugarrenez Treba Gurasoak hitzaldi-zikloa antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.  Eta aipatu dute helburua dela gurasotasun positiboa sustatzea: «gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko». 

Hernanin antolatuko diren hitzaldiak herriko ikastetxeekin, guraso elkarteekin, Gaztelekuarekin eta Zerbitzu Sozialekin partekatu ondoren erabaki direla aitortu du Udalak. Iazko balorazioa «oso ona» izan zela adierazi du Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria sailak: «guztira 75 gurasok hartu zuten parte antolatutako saioetan (61 emakumezko eta 14 gizonezko)».

 

Datorren astelehenean aurreneko hitzaldia

Lau hitzaldi eskainiko dituzte aurtengo edizioan, eta aurrenekoa izango da datorren astelehenean. Nerea Mendizabal izango da hizlaria eta Oinarri sendoak 0-3 adin tartean izango  du hizpide, udaletxeko areto nagusian.

Bigarren hitzaldia, aldiz, azaroaren 22an izango da. Leyre Cano adituak Komunikazioa familia. 'Guraso eta seme-alaben arteko harremanak eta komunikazioa hobetzen' gaia landuko du. 

Hirugarren saioa datorren urteko otsailaren 1ean eskainiko du Eider Goiburu hezitzaileak, eta ondorengo galdera izango du abiapuntu: 'Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote?'. Azken hitzaldia osasun mentala eta nerabeen ingurukoa izango da, Iratxe Cuevasen eskutik.  Hitzaldi honen data oraindik zehaztu gabe dago. Lekuari dagokionez, Biterin izango dira aipatutako azken hirurak. Saio guztiak 17:30etan hasiko dira, 19:00ak arte. Euskeraz izango dira hitzaldiak, baina itzulpen zerbitzua eskainiko du Udalak. Aforoak mugatuak izango direnez, parte hartzeko interesa duten gurasoei aurrez izena ematea gomendatzen diete. Horretarako, esteka honetako inkesta bete: https//:labur.eus/trebagurasoak23, 'gazteria@hernani.eus' helbidera idatzi, edo 943 33 70 41 telefonora deitu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!