Hernaniar asko gara euskaraz bizi garenak, eta etengabe erakutsi dugu euskaraz bizitzeko nahia. Udalak ere, gizartearekin batera, pauso handiak eman ditu euskararen normalizazioan, herritarrak udalean ere euskaraz bizi daitezen. Herriaren eta udalaren lanaren ondorio, 2022an sartu zen Hernani UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, euskaraz bizitzeko asmoa berretsiz. Gaur egun harro esan dezakegu Hernaniko Udala euskaraz bizi dela, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzen dituela.
Baina badirudi batzuek ez dutela gustuko euskaraz bizi gaitezen. Euskarak eta euskaldunok, historikoki modu sistematikoan jasan ditugu erasoak. Epaitegietatik euskaldunon aurkako gero eta neurri murriztaileagoak hartzen ari dira. Ez dute aurrerapausorik eman dezagun nahi; okerrago, urteetan kontsentsu handiz emandako aurrerapausoetako asko auzitan jartzen ari dira. Eraso hauek ezin dira soilik oldarraldi judizial bat bezala ikusi, oldarraldi hau politiko eta ideologikoa da.
Udalean euskaraz bizitzen jarraitzeko asmo sendoa daukagu, eta oraindik euskararen normalizazioan pauso gehiago ematekoa. Dena den, orain arte bezalaxe, gizarte osoak egin behar diogu aurre euskaldunon aurkako eraso judizial, politiko eta ideologiko honi. Hori dela eta, larunbatean, hilak 4, Kontseiluak Bilbon antolatu duen manifestaziora joateko dei egiten dizuegu.