'Hariak' zinemaldiarekin hasita, hilabete potoloa Plaza Feministan

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 2a, 00:00

Gaur inauguratuko dute erresistentzia istorioen zinemaldia, arratsaldeko 18:00etan.

Gaur arratsaldean inauguratuko dute, Kulturarteko Plaza Feministan, 'Hariak' erresistentzia istorioen zinemaldia, bere bigarren edizioan. Azaroaren 12ra bitarte, 10 lan eskainiko dituzte bertan, bertako zein Euskal Herritik kanpoko erresistentzia istorioak ezagutzera emango dituztenak, hala nola, Armenia, Argentina, Kolonbia, Espainia, Kenia, Txile...

Zita bikoitza jarri dute gaurko, arratsaldeko 18:00etan hasita. Batetik, Araks Sahakyan artista armeniarraren 'Nuit Blanche' erakusketa irekiko dute, abenduaren 1era arte ikusgai egongo dena. Eta bestetik, Arnaud Khayadjanian zuzendariaren 'Anahide' film laburra eskainiko dute, diasporan bizi direnek sentitu dezaketen emozioetako bati buruzkoa. Bihar bertan izango du segida zinemaldiak, 18:00etan. Sahakyan bera protagonitsa izango da berriro, erakusketaren izen bereko performancearekin, eta solasaldiarekin. Ondoren, Diana Kardumyn zuzendari armeniarraren 'Tombé' film laburra eskai­niko dute, Armeniako egoera politikoa gorabehera, eguneroko bizitzak aurrera nola jarraitzen duen kontatzen duena. Eta azkenik, hitzaldia eskainiko du Asier Blasek, Zientzia Politikoetan EHUko doktore denak, Armeniako egoera politikoa testuinguru historikoan kokatzeko.

Asteburuko bi egunetan ere eskainiko dituzte filmak eta dokumentalak, eta baita datorren astean ere, ostegunetik igandera.

Beste hainbat ekimen eta hitzordu, azaroan zehar

'Hariak' zinemaldiak hartuko du protagonismoa Kulturarteko Plaza Feministan, aurreneko hamabostaldian. Baina beste hainbat ekimen eta hitzordu ere izango dira azaroan zehar. Datorren astean bertan, esaterako, Trifonia Melibea Obono idazlea egongo da bertan, eta 'La hija de las Mitangan' liburua aurkeztuko du astelehenean, 18:00etan. Asteartean, berriz, bilera egingo dute boluntarioek, etorri berriei euskeran laguntzeko.

Beste liburu bati buruz arituko dira azaroaren 22an, Iratxe Retolazak gidatutako saioan: Marina Sagastizabalen 'Hiruki gatazkatsua' izango dute hizpide. Liburua irakurri gabe ere parte hartu daiteke, baina izena eman behar da aldez aurretik.

Eta horiekin batera, hiru hitzordu nabarmendu ditu Plaza Feministak, hilabete honetarako: Bizilagunak ekimena azaroaren 19an, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguneko mobilizazio­ak hilaren 25ean, eta Greba Feminista 30ean. Horietan parte hartzeko deialdia luzatu diete herritar guztiei. 

 

AZAROA KULTURARTEKO PLAZA FEMINISTAN

Azaroak 2-12, 'Hariak' erresistentzia istorioen zinemaldia.

Azaroak 6, 'La hija de las Mi­tangan' liburuaren aurkezpena, Trifonia Melibea Obono egilearen eskutik, 18:00etan.

Azaroak 7, Etorri berriei euskeran laguntzeko boluntarioen bilera, 17:30etan.

Azaroak 19, Bizilagunak ekimena.

Azaroak 22, Marina Sagastizabalen 'Hiruki gatazkatsua' liburuari buruzko saioa, Iratxe Retolazaren eskutik, 18:00etatik 20:00etara.

Azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguneko mobilizazioak.

Azaroak 27, Atzerritartasun Legeari buruzko saioa.

Azaroak 30, Greba Feminista, zaintza eskubide kolektiboaren alde, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!