10 gazte langabetu kontratatuko ditu Hernaniko Udalak, administrazioan esperientzia hartzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 2a, 00:00

16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta azaroaren 10era arte eman dezakete izena, Lanbideren Lasarte-Oriako bulegoan.

16 eta 30 urte bitarteko 10 gazte langabetu kontratatuko ditu Hernaniko Udalak, 'Lehen Lanbide Esperientzia Administrazioan' programaren bitartez. Udaleko arlo ezberdinetan arituko dira kontratatutako 10 gazteak: Euskara saila, Ingurumena eta Hirigintza saila, libururegia, Kirola saila, eta Zerbitzu Publikoen saila. Eta lanpostuak ere, anitzak izango dira: kirol teknikari bat, soziologo bat, administrazio-kudeaketako lau teknikari, elektrizitate teknikari bat, eta ingurumeneko hiru hezitzaile. Urtebeteko iraupena izango dute lan-kontratuek.

Lanpostu horietako bakoitza betetzeko, deialdiaren oinarrietan zehaztu dute beharrezko ikasketa maila, eta ikusgai daude lanbide.eus webgunean, 'Enplegua' atalean. Ikasketak azkeneko hiru urteetan bukatu dituztela egiaztatu beharko dute gazteek, eta B2 edo C1 euskera maila eskatuko da, lanpostuaren arabera. Gainera, langabezian eta Lanbiden erregistratuta egon beharko dute. 16 eta 30 urte bitartekoak dira kontratatuko dituzten gazteak, baina lanpostu jakin batzuetan, zehatzagoa izango da adin tartea (23 eta 29 urte bitartekoa).

 

Izena emateko epea, azaroaren 10era arte

Hautaketa prozesuan parte hartu nahi dutenek, azaroaren 10era arte daukate izena emateko epea. Lanbideren bitartez egin beharko dute: lanbide.eus webgunean bertan, edo Lanbideren Lasarte-Oriako bulegoan. Lanbidek berak egingo du aurreneko hautaketa, baina Hernaniko Udalak adierazi duenez, bere helburua da «Hernaniko gazte langabetuek lehentasuna izatea», lanpostu horiek betetzeko orduan.

 

451.427,82 euroko partida, programa gauzatzeko

«Gazte langabetuen lan-munduratzea sustatzea» du helburu 'Lehen Lanbide Esperientzia Administrazioan' programak; eta hori gauzatu ahal izateko, Lanbideren laguntza jaso du Hernaniko Udalak.

Guztira, 451.427,82 euro bide­ratuko dituzte, gazte langabe­tu­en laneratzeko programa ho­ne­tara. Horietatik, 173.150,54 eu­ro inbertituko ditu Udalak, eta Lan­bidek jarriko du gainerakoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!