Bailarako basoak protagonista gaur, 'Urumea zena eta dena' hitzaldi zikloan

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 2a, 00:00

Egoitz Alkorta herpetologo hernaniarra, Ane Fernandezekin batera, uhandre piriniotarraren bila, Urumeako erreketan. Argazkia: Iñaki Sanz-Azkue

Bigarrenez antolatu du zikloa Aranzadi Zientzia Elkarteak, Hernaniko Udalarekin batera. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Biterin. Papera egiteko tailerra ere prestatu dute, etzirako.

'Urumea zena eta dena' hitzaldi zikloa antolatu du Aranzadi Zientzia Elkarteak, Hernaniko Udalarekin batera, bigarrenez. Gaur bertan eskainiko dute hitzaldi sorta, Biteri kultur etxean, arratsaldeko 19:00etan hasita. Eta oraingoan, Urumeako basoak izango dira protagonista.

Zehazki, ordu laurden inguruko hiru hitzaldi izango dira, eta Urumea ibaiak bere historian izan duen bilakaera bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Álvaro Aragón izango da aurreneko hizlaria, Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea Historian: 'Urumea bailarako basoaren kudeaketa eta ustiaketa historian zehar' hitzaldia eskainiko du. Segidan, Miren García Aranzadiko arkeologoak hartuko du hitza, 'Egurraren bidaia: basotik itsasora, Urumean behera' saioarekin. Eta Egoitz Alkorta Aranzadiko herpetologo hernaniarrak borobilduko du hitzaldi sorta: 'Uhandre piriniotarra basoaren babesean'. Hitzaldien ondoren, gainera, mahai ingurua ere egingo dute bertan, Iñaki Sanz-Azkue Aranzadiko biologoak gidatuta. Doakoa eta librea izango da sarrera.

 

Papera egiteko tailerra, larunbatean Biterin

Hitzaldiez gain, beste hitzordu bat ere jarri du Aranzadik, zikloaren barruan hori ere, larunbat honetarako: papera egiteko tailerra izango da Biterin, goizeko 11:00etan hasita. Familientzako zuzendutako tailerra da, eta Aranzadiko etnografia saileko adituek gidatuko dute.

Doakoa izango da, baina parte hartu ahal izateko gonbidapena eskuratu behar da, kultura.hernani.eus atarian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!