Inauterietako kartel lehiaketan parte hartzeko epea bihar irekiko da

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 1a, 00:00

Azaroaren 24ra arte aurkeztu daitezke lanak, eta herritarrek bozkatuko dute.

Bihartik azaroaren 24ra izango da aukera, 2024ko Inauteriak iragartzeko kartel lehiaketan parte hartzeko. 16 urtetik gorako pertsona orok parte har dezake lehiaketa honetan. Behin lanak aurkezteko epea amaituta, lan guztien artean lau kartel hautatuko ditu Inauterietako Jai Batzordeak, eta ondoren, lau horien artean herritarrek izango dute kartel irabazlea aukeratzeko azken hitza.

Jatorrizko lanek 32 zentimetroko zabalera eta 48 zentimetroko altuera izango dute eta ezinbestekoa da formatu digitalean aurkeztea. Aukerakoa izango da paperean edota kartoi-lumazko euskarrian ere aurkeztea, edozein modalitate artistikotan. Kartelak HERNANIKO INAUTERIAK 2024 goiburua eduki behar du.

Lanak Biteri Kultur Etxean zein emailez aurkeztu daitezke, kultura@hernani.eus helbidera bidalita. Lanarekin batera, egilearen izena, helbidea eta telefonoa bidali beharko dira emailez, eta Biterin entregatzekotan, datu pertsonalak aparteko gutunazal batean aurkeztuko dira. 

 

700 euroko saria, irabazleak

Herritarren bozka gehien jasotzen dituen kartela aukeratuko dute Inauteriak iragartzeko kartela izateko. Sari bakarra izango da, eta  700 euroko diru saria eskuratuko du irabazleak. Kopuru horretatik, 350 euro izango dira Berriak elkarteko dendetan erabiltzeko, eta gainerakoa transferentzia bidez jasoko du.

Kultura sailak 2024ko urtarrilaren 2a baino lehen iragarriko du kartel irabazlea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!