Oparien Erruleta egingo dute datozen bi larunbatetan, eta aste bakoitzeko erosketen tiketekin hartu daiteke parte

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 00:00

Arkupeetara bueltan izango da Oparien Erruleta, datozen bi larunbatetan.

Azaroaren 4an eta 11n izango da, goizeko 10:30etatik 13:30etara, opariak lehenago bukatu ez badira. Aste bakoitzean egindako erosketen tiketek balioko dute erruletan tiraldia egiteko, 80 euroko gastua pilatuta.

Oparien Erruleta antolatu dute, beste behin, Hernaniko Udalak eta Berriak elkarteak. Datozen bi larunbatetan izango da, azaroaren 4an eta 11n, udaletxeko arkupeetan. Goizeko 10:30etan hasiko da, eta 13:30ak arte izango da erruletan tiraldia egiteko aukera, opariak lehenago bukatzen ez badira behintzat.

Erruletan tiraldia egiteko, herriko komertzioetan egindako erosketen tiketak aurkeztu beharko dira: gutxienez 80 euroko gastua pilatu beharko da, tiketak batuta. Saltoki txikietako tiketak soilik onartuko dituzte, eta beraz, ez dute balioko supermerkatuetako erosketen tiketek, ezta ostalaritzakoek ere.

Larunbat bakoitzean, erabili ahal izango dira aste horretan egindako erosketen tiketak. Hortaz, larunbat honetako erruletan parte hartzeko, atzotik egindako erosketen tiketak baliatu daitezke; eta aldiz, azaroaren 11n tiraldia egiteko, azaroaren 6tik aurrera egindako erosketenak. Larunbat bakoitzean, tiraldi bakarra egin ahal izango du pertsona bakoitzak.

 Opariak, 'hernanin.eus' plataforma digitaleko komertzioen produktuak

Oparien Erruletan, herritarrek eskuratu ahal izango dituzte 'hernanin.eus' plataforma digitaleko komertzioen produktuak. 170 komertzio baino gehiago daude bertan, eta plataformak aukera ematen du saltoki horien produktuak kontsultatzeko edota erreserbak egiteko.

Dinamizazio sozio-komertzialerako egitasmoa da Oparien Erruleta, eta helburua izango da, besteak beste, «Hernanin aurkitu daitekeen merkataritza aukera erakustea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!