Chillida-Leku, Rhizoma jardunaldien aterpe azaroaren 3tik 21era bitartean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 00:00

Lur Olaizolak eskainiko du tailer bat, azaroaren 11n. Argazkia: 'Zinea.eus'

Bost saio izango dira museoan, 'Mugak' Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren esparruan.

Joan den asteazkenean hasi zen 'Mugak' Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala, eta makina bat erakusketa, hitzaldi edota lantegi prestatu dituzte Gipuzkoako, Bizkaiako eta Arabako to­ki ezberdinetan, azaroaren 24ra arte. Dozenaka jarduera izango dira, horietako asko doakoak.

Urumea bailaran ere egingo du egonaldia Bienalak, Rhizoma jardunaldien aterpe izango baita Chillida-Leku museoa, azaroaren 3tik 21era. Bost saioko programa osatu dute, hitzaldi, tailer eta performanceak tarteko; eta helburua izango da «baserriaren eredua berrikustea, egungo testuinguruan udalerriak berraktibatzeko alternatiba eta aukera gisa». Horretarako, deialdia luzatu diete arkitekturako profesionalei, artistei, hirigileei eta ikertzaileei. Lau zati izango ditu programak: HAS (hasi), SOR (sortu), BER (berregin) eta BIZ (bizi izan).

Aste honetan izango dira aurreneko bi saioak, HAS atalari dagozkionak. Ostiralean izango da lehenengoa, eta proiektuaren aurkezpena egitearekin batera, hitzaldia izango da, José Mateusen (Lisboako Arkitektura Hirurtekoko presidentea) eta Roger Boltshauserren (ETHZko arkitektura irakaslea) eskutik. Arratsaldeko 17:30etan izango da, eta doakoa da sarrera. Larunbatean, berriz, 'Metala du' performancea eskainiko du Lolo & Sosaku taldeak, 18:00etan hasita. 10 eurokoa da sarrera.

SOR atalaren baitan, 'Zalantzazko amaiera' izeneko tailerra eskainiko du Lur Olaizola artista bisual eta zine zuzendariak, azaroaren 11n, eguerdiko 12:00etan. 6 euroko pre­zioa izango du.

Hitzaldi sorta prestatu dute BER atalaren baitan, azaroaren 17rako, arratsaldeko 18:00etan: Joanne Pouzenc arkitektoa, La­ra Almarcegui artista, Carles Oli­ver arkitektoa, eta Sébastien Ma­rot ikertzaile, akademiko eta lurralde- eta hiri-dibulgatzailea. Doakoa izango da saioa. Eta azaroaren 18an, beste lau hizlari ekarriko dituzte, 18:00etan, BIZ atala osatzeko: Tinatin Gurgenidze (arkitektoa, ikertzailea eta Tbilisiko Arkitektura Bienalaren zuzendaria), Cristina Gamboa (Lacol arkitekto kooperatiboko kidea), Anna Puigjaner (arkitektoa, ikertzailea eta MAIO architectsen sortzailea) eta Fernando García Dory (nekazal munduan bizi den artista, eta INLAND Campo Adentro enpresaren sortzailea). Doakoa da azkeneko saio hori ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!