Jon Jarak eta Ekhi Osesek ezin izan dituzte beraien finalak irabazi

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 00:00

Otaegi eta Oses azpitxapeldun izan dira Gartzaron.

Jarak Abadiñon Bikandiren aurka galdu zuen Kepa Arrotajauregi Torneoko finala. Osesek, Otaegirekin, 18-11 galdu zuen Garatzaroko finala.

Hernaniko klubak eta pelotariek emaitza txarrak izan dituzte asteburuan. Emaitzarik txarrenak jokatu dituzten bi finalak galtzea izan da. Ostiralean Abadiñon Tornosolo trinketan, Jon Jara seniorrak 40-28 galdu zuen Bikandiren (Olaburu) aurka Kepa Arrotajauregi Torneoko finalean. Partidu erdira arte markagailuan aurretik ibili zen Hernaniko pelotaria, baina hortik aurrera eskuineko eskuan mina jarri zitzaion eta ezer gutxi egin ahal izan zuen bizkaitarraren mailako pelotari sendo baten aurka. 

Larunbatean Gartzaron, infantil mailako Ekhi Oses Otaegik (Behar Zana) lagunduta, 18-11 galdu zuten Paraguayo eta Anzizar bikotearen kontra (Najera-Erreka) Gartzaroko Torneoko finalean. Oses eta Otaegi gaizki hasi ziren, bainan bere maila berreskuratu zuten azkar. Hamargarren tantora arte aurretik izan ziren, baina hortik aurrera Otaegik bezperan beste partidu gogor batean egindako ahalegina nabaritu zuen. Ezer gutxi egin ahal izan zuten, partidu osoan zehar oso ondo aritu ziren arerioen aurka.

Labakak eta Manterolak, maila mantendu dute

Emaitzak osotasunean hartuta, C.D.Hernaniko pelotariak, momentu honetan jokatzen ari diren txapelketa ofizial eta pribatu ezberdinetan, 12 garaipen eta 26 porrot izan da azken balantzea, azkar ahazteko jardunaldi baten. 

Jardunaldiko emaitzarik onena bigarren kategoriako seniorretan etorri zen. Unax Manterolak eta Iñigo Labakak Gipuzkoako Txapelketan, 22-19 irabazi zieten Zabala eta Etxeberria (Tolosa) bikoteari. 

Azken jardunaldian lortutako garaipen honekin, jaitsierako promozioa jokatzeko libratu dira eta kategoria mantenduko dute.. 

Garrantzitsuak izan dira baita ere, infantil mailako Oier Arsuaga, Imanol Ormazabal, Lier Zugasti, Ekhi Galdos eta Unax Mendiableren garaipenak, Gipuzkoako Errendimendu Txapelketan, C.D. Hernaniko bost pelotariek galdu gabe jarraitzen dute lehiaketa honetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!