Hernanik beste garaipen bat lortu du La Únicaren aurka eta talde bakarra da partidurik galdu ez duena

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 00:00

Hernanik erraz irabazi zuen La Únicaren aurka. Argazkia: Henani CRE.

0-60 irabazi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zelaian eta lau partidu daramatza jarraian irabazten 19 puntu eskuratuz.

Hernanik garaipen erraza lortu zuen larunbatean, Iruñan Nafarroako Unibertsitate Publikoko zelaian, La Únicaren aurka 0-60 Ohorezko B Mailako bosgarren jardunaldian. Hernanik laugarren partidua jokatu zuen eta lautik lau garaipen lortu ditu. Talde bakarra da partidurik galdu ez duena. 19 puntu ditu eta bonus puntua ere eskuratu zuen eta bigarren dago sailkapenean Universitario Bilbaotik puntu bakarrera partidu bat gutxiagorekin. Lehenengo helburua hiru lehenengo postuetan sailkatzea da eta oraingoz ongi bideratu du helburua.

Hernani hasieratik izan zen nagusi eta atsedenaldira 0-32ko markagailuarekin iritsi zen. Bigarren zatian ia beste horrenbeste puntu lortuta 0-60 itxi zuen norgehiagoka. 

Jardunaldi interesgarria izan da. Universitario Bilbaok lehenengo porrota jaso zuen Zarautzen, baina aldi berean zarauztarrek lehenengo jardunaldian, La Únicaren aurka lortutako garaipena galdutzat dute arauz kanpoko hamabostekoa lerrokatu zutelako. Getxok eta Gernikak erraz irabazi zuten. 

Oraindik sei partidu geratzen dira lehenengo fasea amaitzeko eta aurkari gogorrak izango ditu; Gernika, Universitario Bilbao, Gaztedi... 

Datorren jardunaldian Bera Beraren aurka izango da partidua Landaren.

 

23 urtez azpikoek galdu

Bestetik, partidu zaila zuen Hernanik, 23 urtez azpikoen estatuko ligan. Les Abellesen aurka jokatu zuten Valentzian eta 30-10 galdu zuten trikoloreek. Hiru jardunalditan lau puntu eskuratu dituzte hernaniarrek partidu bakarra irabaziz. 

18 eta 16 urtez azpikoek ere jokatu zuten asteburuan Bilbon, Universitarioren aurka. 18 urtez azpikoek 7-21 lortu zuten garaipena eta 16 urtez azpikoek berriz galdu egin zuten 34-14.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!