Itzalitako kalabazak piztera aterako dira gaurkoan herritarrak, Gau Beltza ospatuz

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 00:00

Igandean Lizeaga auzoan ospatu zuen Gau Beltza.

Gaur ospatuko dute Hernanin eta Portu auzoan, Goizuetan eta Astigarragan, Gau Beltza. Ekitaldi ugari antolatu dituzte egun osorako, besteak beste, kalabaza misteriotsuaren bila jolasa, hilerrira irteera, eta txokolatada. Bihar, berriz, Zikuñagako Halloween labirintoak hartuko du protagonismoa, Santu Guztien egunean.

Beltzez esnatu da gaur Urumea Bailara, izan ere, gaur ospatuko dute Euskal Herrian hain ezaguna egiten ari den, Gau Beltza. Bi motatako ohiturak daude; batetik, etxeko trapu zaharrak jantzita jendea beldurtzera ateratzea; eta bestetik, idatzitako beldurrak erretzea. Ospakizuna berreskuratzeko bidean, gero eta jende gehiagok hartzen du parte antolatzen diren ekimenetan, eta gero eta leku gehiagotan antolatzen dute Gau Beltza edo Arimen Gaua. Eta noski, Urumea bailarako herritarrak ez dira gutxiago izango, gaur Gau Beltza ospatuko baitute Hernaniko zenbait txokotan, Goizuetan, eta baita Astigarragan ere. Bihar, berriz, Zikuñagako labirinto ilunean murgiltzeko aukera izango dute hernaniarrek. 

Egun dibertigarria bezain beldurgarria izango da gaurkoa. Urumea bailarako zenbait elkarte, talde eta eragile batu dira Gau Beltzaren jaia osatzeko. Egitarau entretenigarria prestatu dute bailarako herritarrek, ohitura zaharrak berreskuratuz eta jaia berrasmatzen. Dobera Euskera Elkarteak, esaterako, ekintza ugari prestatu ditu gaur arratsalderako. 17:30etan hasita, Kalabaza misteriotsuaren bila ariko dira, Atsegindegitik abiatuta. Ondoren, 19:00etan jarri dute hitzordua Plazan, hilerrira elkarrekin igotzeko, herriko dultzaineroen laguntzarekin. Hilerria argituko dute antortxekin, eta sutara botako dituzte beldurrak. Iluntzeko 20:00etan bueltatuko dira erdigunera. Doberak herritarrei dei egin die mozorrotuta bertaratzeko gaurko ekintzetara: «Kalabaza misteriotsuaren bila jolasean, ondoen mozorrotzen den taldeari saria emango zaio».

Erdigunean ez ezik, herriko auzotara ere iritsiko da Gau Beltza. Esaterako, Portu auzora, bere egitaraua prestatu baitu auzo elkarteak. Arratsaldeko 18:00etan talo tailerra eskainiko dute, eta 20:00etan, berriz, txokolatada ederraz gozatzeko aukera izango du bertaratzen den orok.

Astigartarrek, berriz, gaur arratsaldeko 17:30etan dute hitzordua, aurpegia margotzeko tailerrarekin eta Photocallarekin. 19:00etan hartuko dute hilerrirako bidea, Foru Plazan elkartuta. Hilerritik abiatuko da Gau Beltzeko kalejira, 19:30etan; eta amaieran, beldurrak erretzeaz gain, koplak abestu eta mokadutxo eder batez gozatuko dute, Foru Plazan.

Eta Goizuetan, 19:00etan elkartuko dira, herriko kaleetan barrena ibilaldia egiteko, kandelekin. Ondoren, beldur eta kezkak erreko dituzte sutan, 19:30ak aldera. Eta ospakizuna borobiltzeko, gaztain erreak jateko aukera izango dute.
 

Establezimenduak apaintzen, herriko txikiak

Herria girotzeko helburuarekin, ostiralean herriko ikastetxeetako haurrek herriko establezimenduak apaindu zituzten, eskolan egindako eskulanekin. Guztira 30 establezimendutako erakusleiho apaindu dituzte, kalabazekin, armiarma sareekin... Eta noski, Dobera-Kronikako bulegora ere etorri ziren eta apain-apain utzi zizkiguten leihoak.

 

GAU BELTZEKO EGITARAUAK

HERNANIN

DOBERAKO GAU BELTZA

GAUR

17:30 Kalabaza misteriotsuaren bila Atsegindegitik hasita. Aurrez izena eman behar da. 'www.dobera.eus'.

19:00 Plazatik kanposantura igoera herriko dultzaineroekin.

19:30 Bota zure izuak sutara! kanpusantuan.

20:00 Kanposantutik jaitsiera.

PORTUKO GAU BELTZA

GAUR

18:00 Talo tailerra.

20:00 Txokolatada.

ASTIGARRAGAN

GAUR

17:30 Makilatzeko tailerra eta photocalla Foru Plazan.

19:00 Kanposanturako bidea el­karrekin Foru Plazatik abiatuta.

19:30 Gau Beltzeko kalejira kanposantutik abiatuta.

Bukaeran beldurren erretzea, koplak abestu eta mokadutxoa Foru Plazan.

GOIZUETAN

GAUR

19:00 Herriko kaleetan barrena ibilaldia kandelekin.

19:30 Beldur eta kezkak sutan erretzea.

20:00 Gaztain erreak.

HALLOWEEN ZIKUÑAGAN

BIHAR

16:00-17:00 8 urte arteko haurrentzat irekiko dira laberintoko ateak.

17:30 Beste guztientzat irekiko da.

Laberintoan sartzeko mozorrotuta joan behar da.

Erlazionatuak

Gau Beltza igandean, Lizeaga auzoan

Kronika - Erredakzioa 2023 urr 30 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!