Zer da egun normal bat zuretzat?

Uxue Apaolaza Larrea, Hernanialdeko AEK-ko irakasleen izenean 2023ko urr. 30a, 00:00

Zer da egun normal bat zuretzat? Non zaude esnatzen zarenean? Goxo? Norekin, edo
hobe, nor gabe? Dutxatzen zara, gosaltzen duzu, garbitzen dituzu hortzak? Denbora
eta aldartea dauzkazu hori guztia egiteko? Beldurtuta zaude? Zenbat? Bajan zaude?
Alta eman dizute? Kobratu duzu? Esan duzu egun on? Zenbat eskubidek sostengatzen
dute egun normal bat? Zenbat eskubide falta zaizkizu zeure eguna normala izateko?
Eta badituzuntxoak lortu eta sostengatzeko zenbat egun normal izan dira borroka
egun? Zure hizkuntza euskara izanik, zenbat eskubide falta zaizkizu zeure hizkuntzan
normal bizitzeko? Lortu dituzun, edo zaizkizun, eskubide horiek normaltasunez
gauzatzen dira? Ez zara inoiz anormala sentitzen gauza normal-normalak zure
hizkuntzan egin nahiez? Ez al duzu inoiz zeure burua harritzen ikusi, inprimaki normal
bat zure hizkuntzan irakurri duzulako, hori normala balitz bezala? Egun normalak
borroka egun bilakatu gabe erdietsi dira horrelakoak ahalbidetzen dituzten
normalizazioranzko eskubideak? Segi dezakegu normaltasuna antzezten kentzen
dizkiguten bitartean, oraindik ia haragitu gabe daudenean? Eta gure egun normala
normalizatzen ari bagara, oraindik normala ez delako izango da; izan nahi dugu bi
normal erraldoiren azpian aterki zaharrez babesten den anormal eternala? Beraz,
deituko diogu politika? Esango dugu gu, esango dugu hizkuntza politikak, esango dugu
guk eskubideak nahi ditugu eta eskubide horiek babesteko baliabideak?
Normalizaziorako neurrien aurka ere oldartzen bazaizkigu, ez da iritsi egun normal bat
borroka egun egiteko ordua, gure eskubideak egun normal baten parte normal izan
daitezen? Gure eskubideen aldeko politikak, legeak, egin daitezen?
Zer da egun normal bat guretzat? Euskaraz izatea nahi badugu, azaroaren 4an, Bilbon,
oldar gaitezen gu, entzun dezaten badakigula eskubideak falta zaizkigula guri geure
hizkuntzan normal bizitzeko, badakigula batzuk lortu ditugula, ohartzen garela kentzen
dizkigutenean, eta politika egingo dugula, gure egun normal bat euskaraz izan dadin.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!