Zinema areto bihurtuko dute Kulturarteko Plaza Feminista ostegunetik, 'Hariak'ekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 30a, 00:00

Itsaso Lekuona Kulturartekotasun zinegotzia eta Su Hernandez 'Hariak'eko koordinatzailea, iaz, teloia ixten.

Erresistentziak erdigunera ekarriko dituen zinemaldia ospatuko dute bigarrenez, ostegunetik azaroaren 12ra bitartean, Kulturarteko Plaza Feministan.

'Hariak' erresistentzia istorioen zinemaldiaren bigarren edizioa antolatu du Hernaniko Udalak, eta ostegunean emango zaio hasiera, Kulturarteko Plaza Feministan. Aurtengo edizioan, guztira 10 lan ikusteko aukera izango dute herritarrek, izan ere, ostegunetik azaroaren 12ra bitartean, egunero film bat proiektatuko dute, eta asteburuetan, saio bikoitza eskainiko dute (azaroaren 4an izan ezik), goizez eta arratsaldez. Iaz moduan, film bakoitzaren ondoren, pelikularen egileekin edota gaian adituak direnekin solasaldiak eskainiko dituzte, «errealitate bakoitza hobeto ezagutzeko eta hausnarketarako bideak irekitzeko». Aurtengo 'Hariak' zinemaldian, sei film luze eta lau labur proiektatuko dituzte, bertakoak zein Euskal Herritik kanpoko erresistentzia istorioak, hala nola, Armeniakoak, Argentinakoak, Kolonbiakoak, Espainiakoak..

Ostegunean, 'Hariak' zinemaldiaren irekiera ospatuko dute eta horretarako, azaroan zehar Kulturarteko Plaza Feministan ikusgarri egongo den Araks Sahakyan armeniar jatorriko artistaren 'Nuit Blanche' erakusketaren irekiera izango da. Ostiralerako, berriz, besteak beste, 'Nuit Blanche' permormanceaz eta solasaldiaz gozatzeko aukera izango du bertaratzen den orok. 

 

'HARIAK' ZINEMALDIA

KULTURARTEKO PLAZA 
FEMINISTAN

Ostegunean, 18:00: 'Hariak' zinemaldiaren inaugurazioa. Araks Sahakyan armeniar jatorriko artistaren 'Nuit Blanche' erakusketaren irekiera. Arnaud Khayadjanian zuzendariaren Anahide film laburra. Diasporan bizi direnek sentitu dezaketen emozioetako bati buruz ari da bertan.

Azaroak 3, ostirala, 18:00: Araks Sahakyan artistaren 'Nuit Blanche' performancea eta solsaldia artistarekin. Gorputza erdigunean jartzen duen lan artistiko honetan hainbat identitate ehuntzen dira erresistentzia politikoaren bilaketan.

Azaroak 4, larunbata, 11:00: Ihitten elkartearen dokumentala. Hiru belaunalditako emakumeen ahotsak biltzen dira, hainbestetan isildutako istorioak lotzeko eta ehuntzeko. Ondoren, solasaldia izango da Ihitteneko Idoia Garzes Aldazabal eta Inge Mendiorozekin.

Azaroak 5, igandea, 11:00: Madrilgo Cañada Reali buruzko Guillermo García Lópezen 'Aunque es de noche' film laburra. Film hau Canneseko eta Donostiako nazioarteko zinemaldietan erakutsi berri dute. Ondoren, Mujeres de Tabadol plataformako Houda Akrikezekin solasaldia. Auzoan argindarrik gabe daramatzaten hiru urte hauetako borroka azalduko du.

Azaroak 5, 18:00: 'The Letter' dokumentalaren eskutik, Kenyako errealitatea ezagutzeko aukera eskainiko da.

Azaroak 9, osteguna, 18:00: 'El caso Freytter' dokumentalarekin 2001ean Kolonbian eraildako Jorge Adolfo Freytter irakaslearen kasua ezagutuko da, Freytter elkartearen eskutik. Gurekin izango da haren semea, Jorge Freytter-Florian, 17 urte erbestean pasatu ondoren, aitaren hilketa ikertzera bere herrialdera itzuli zena. Julian Martinez Vallejo ikerketa kazetariak eta Maria Alejandra Rojas Ordoñez feminista eta lider sozialak ere parte hartuko dute solasaldian.

Azaroak 10, ostirala, 18:00 : 'De la resistencia a la existencia' dokumentalarekin Tiempo Argentino egunkariaren kasua ezagutzeko aukera izango da. Langileek autogestiotik berpiztu zuten egunkaria, gaur egun Argentinako kooperatiba haundiena dena sortuz. Malena Winer Buenos Airesko Unibertsitateko Filosofia eta Letren fakultateko irakaslea izango da KPFn, Tiempo Argentinoko langile ohia.

Azaroak 11, larunbata, 11:00: Estibaliz Urresolak 'Cuerdas' film labur saritua aurkeztuko du. Urresolarekin batera, Meatzaldea Bizirik plataformako Sara Ibañez ere bertan izango da.

Azaroak 11, 18:00: Txileko Arica hirian izandako isuri toxikoei buruzko ikerketa baten istorioa ezagutuko da, izen bereko dokumentalaren bidez.

Azaroak 12, igandea,11:00: Torturari buruzko Karpeta urdinak emango dute.. Bertan izango da Ander Iriarte zuzendaria.

Azaroak 12, 18:00: Aurtengo 'Hariak' zinemaldia Euskal Herriko dokumental batekin bukatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!