Azken urteetan bezalaxe, aurten ere, Kromiki lehiaketa antolatu du Dobera Euskara Elkarteak. Laugarren edizio honetan, Doberak haur, gazte nahiz helduen artean euskal kultura sorkuntza eta irakurzaletasuna sustatzeko asmoa du. Era berean, euskerazko komikigintza ere sustatu nahi dela aitortu du Hernaniko euskera elkarteak.
Egile bakoitzak jatorrizko ale bakarra aurkeztu ahal izango du lehiaketan, eta hiru adin ezberdinetan banatuko da ekimena; batetik, haurren taldea egongo da, 6 eta 11 urte bitartekoek osatuko dute taldea, eta ez da lehiaketarik egongo, zenbait sari banatuko dituzte; bestetik, 12 eta 17 urte bitarteko gazteen taldea egongo da, eta Kromiki onenari emango zaio saria; azkenengo taldea, berriz, 18 urtetik gorakoek osatuko dute, eta Kromikirik onenari emango zaio saria.
Jatorrizko lanak azaroaren 3ra arte aurkeztu daitezke, eta lanak euskarri fisikoan nahiz digitalki aurkezteko aukera dagoela nabarmendu du Doberak. Aurkezterako garaian, Kromikiaren egilearen datuak adierazi beharko dira lanaren atzeko aldean edota beste orri batean, hala nola, izen-abizenak, telefono zenbakia, adina eta posta elektronikoa.
Oinarriak, sariak eta gehiago
Kromikiak Hernanirekin zerikusia izan behar du eta ez du beste inon aurkeztua izan behar. Doberak, oinarriei buruzko xehetasun gehiago azaldu ditu: «euskeraz idatzia izan beharko du, 26 x 7,3 zentimetrotakoa, Kronikan argitaratzen diren tamainakoa, hain zuzen. Egileak aukeratutako estiloa eta zuri beltzean zein koloretan egin ahal izango dira».
Era berean, Doberak nabarmendu du lanak baztertuko direla ondorengo kasuetan: «batetik, lehiaketaren helburu nagusietako bat euskarazko komikigintza sustatzea izanik, euskaraz ez dauden lanek ez dute parte hartuko. Kromiki muturik ere ez da onartuko; eta bestetik, umore edo kutsu matxista, arrazista eta homofoboa duten lanak ez dira onartuko».
Irabazleen Kromikiak, Kronikan argitaratuko dira. Eta aurreko urteetan bezala, Doberak, aurkeztutako Kromiki guztiekin liburuxka bat egingo du PDF formatuan eta parte hartzaile guztiei helaraziko zaie.
Aurkeztutako Kromiki guztiak Udal Liburutegiak antolatutako Komiki Azokan egongo dira ikusgai, eta sari banaketa ere bertan egingo dute, azaroaren 17an. Doberak azaldu du sarituei aurretik jakinaraziko zaiela eta ondorengoa ohartarazi du: «saria eskuratzeko nahitaez sari banaketa ekitaldira etorri beharko da, pisuzko arrazoiren bat ez bada tartean».
Haurren adin tarteko taldeari dagokionez, ez da lehiaketarik egingo, Doberak azaldu du zozketa egingo dela. Aldiz, gazte eta helduetan, Kromiki onenak sarituko dira: «adin tarte bakoitzean bana aukeratuko dute epaimahaiko kideek. Horretarako, ondoko irizpideak hartuko dira kontuan: istorioaren eta ilustrazioaren originaltasuna eta zuzentasuna». Amaitzeko, Doberak aitortu du Kromikien kalitatearen arabera, epaimahaiak sariak eman gabe utzi dizakeela.