Gaur emango zaio hasiera Hernaniko Xake Txapelketari, Kixkal tabernan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 29a, 00:00

Azaroko igandeetan jokatuko dira partidak, hala nola, gaur, azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an.

Gaur emango zaio hasiera Hernaniko Xake Txapelketa herrikoiari, Kixkal tabernan. Arratsaldeko 16:00etan hasiko dute txapelketa eta joko sistema suitzarra erabiliko dute, hau da, maila berekoek, puntu berberak dituztenek, elkarren artean jokatuko dute, finalerdiak jokatuko dituzten lau jokalariak erabakitzeko. Bost jardunaldi jokatuko dira guztira: gaur aurrenekoa, azaroaren 5ean bigarrena, hirugarrena azaroaren 12an, laugarrena, berriz 19an eta azkena 26an. Azaroko igandeetan jokatuko da txapelketa eta finala izango da abenduaren 3an. 

Jokalari bakoitzak, ordubete izango du partida jokatzeko, eta antolatzaileek adierazi dute bi jokalariak ados jarriz gero, astean zehar jokatzeko aukera izango dutela: «hala ere, iganderako antolatzaileoi emaitza jakinarazi beharko zaigu xakekixkal@gmail.com helbidera idatzita edota 685 369 952 telefonora deituta».

Atsedena hartzeko egun bat ere izango dute: «aurreko astean (igandea baino lehenago) eskatu beharko dute, eta puntu erdia jasoko da jokatu gabe. Azken bi jardunaldietan, aldiz, ez da atseden hartzeko aukera emango». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!