'Urumea Zena eta Dena' II. Hitzaldi zikloa antolatu dute Biterin, datorren ostegunerako

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 29a, 00:00

Miren García Dalmauk eskainiko du bigarren hitzaldia. Argazkia: Aranzadi.eus.

Aranzadi Zientzia Elkarteak Hernaniko Udalarekin batera,  hiru hitzaldiko zikloa antolatu du, azaroaren 2rako. Hitzaldiak Biterin izango dira, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

'Urumea Zena eta Dena' izeneko hiru hitzaldi ziklo antolatu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak, Hernaniko Udalarekin batera, datorren ostegunerako. Hitzaldi bakoitzak 15 minutuko iraupena izango du, eta bertan, Urumea ibaiak bere historian izan duen bilakaera bertatik bertara ezagutu ahal izango dute bertaratzen direnek. 

Aurtengoa, hitzaldi zikloaren bigarren edizioa da, eta Urumeako basoak izango dira protagonista. Horretarako, hitzaldi hauek eskainiko dituzte: aurrena, 'Urumea bailarako basoaren kudeaketa eta ustiaketa historian zehar' hizpide izango dute EHUko Historian doktorea den Álvaro Aragónek. Jarraian, Miren Garcíak, Aranzadiko arkeologoak, hartuko du lekukoa eta 'Egurraren bidaia: basotik itsasora, Urumean behera' gaiaz ariko da. Hirugarren hitzaldia Egoitz Alkorta hernaniarrak eskainiko du, bera Aranzadiko herpetologia sailetik dator, eta 'Uhandre piriniotarra basoaren babesean' gaia izango du hizpide.

Horrez gain, hitzaldien amaiera, Iñaki Sanz-Azkue Aranzadiko biologo hernaniarrak mahai-ingurua gidatuko du. Hitzaldi zikloa arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Biterin, eta antolatzaileek azaldu dute sarrera librea eta doakoa dela, beraz, animatzeko deia luzatu diete herritarrei.

Ostegunerako prestatutako hitzaldi zikloaz gain, azaroaren 4rako, familientzako zuzenduta dagoen papera egiteko tailerra antolatu dute Aranzadiko etnografia sailekoek. Goizeko 11:00etan emango zaio hasiera tailerrari, Biterin. Sarrera doakoa da baina, aldez aurretik, Hernaniko Udalean eskuratu behar dira gonbidapenak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!