Aurpegi margoketa, mozorro lehiaketa, izuaren ibilbidea eta gehiago gaur, Lizeagan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 29a, 00:00

Iaz, herritar ugari bertaratu ziren Lizeagako Gau Beltzera.

Gaur arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Gau Beltza ospatuko dute Lizeaga auzoan, Gibelalde Auzo Elkartearen eskutik. Jarduera ugari egingo dituzte etxeko txikien gozamenerako.

Festa ilunak hartuko du gaurkoan, Lizeaga auzoa. Izan ere, urriaren 31n ospatu ohi da Gau Beltza, baina Gibelalde Auzo Elkarteak gaur ospatuko du. Arratsaldeko 16:00etan hasiko dira ekintzak, Urumea Ikastolako patioan. Aurrena, aurpegiak margotuko dituzte, jarraian txokolateaz gozatzeko aukera izango dute auzotarrek eta photocallean argazki beldurgarriak ateratzeko tartea ere izango dute arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Mozorroen lehiaketa arratsaldeko 17:30etan hasiko dute, eta 18:00etatik aurrera, izuaren ibilbidean murgilduko dira. Gaueko 20:30ak arte iraungo du jarduerak, eta ekintza amaitutakoan emango diote bukaera Lizeagako Gau Beltzari.

Gibelalde Auzo Elkarteak herritarrak gaurko antolatutako Gau Beltzera bertaratzeko gonbidatu ditu: «zain izango gaituzue, etorri eta animatu!» 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!