Pello Zubiriak 'Planeta Prekarioan' argitaratu du

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 28a, 00:00

Azaroaren 2an izango da aurkezpen ofiziala, Argiaren egoitzan, baina aurretik eskuratu eta irakurri daitezke XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak.

Pello Zubiriak Planeta Prekarioan. XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak liburua kaleratu berri du. Azaroaren 2an izango da aurkezpen ofiziala, baina horren aurretik eskaintza berezia dute, azaroaren 5a arte Argiako kide direnek. 

Zubiriak euskal kazetaritzan ibilbide oparoa du: Antza inprimategian, Euskaldunon Egunkarian, Argian... Azken hogei urteetan Argiako Net Hurbil sailean ehunka artikulu mamitsu idatzi ditu, horien hautaketa bat da liburua, lantalde batek denbora luzez eta mimoz prestatu duena.

Baina hau ez da bilduma soil bat diote Argiako Zubiriaren lankideek. «Erredakzioan, kazetariok maiz miretsi izan dugu Pelloren abilezia etorkizuna astindu duten aldaketa tektonikoei aurre hartzen dieten irakurketa zorrotzez jabetzeko. Argiako lankideok liburu hau egiten tematu baldin bagara, gaurko eta biharko mundua hobeto ulertzeko balio dezakeela ikusten dugulako da».

Kontinente guztietako gertaerak, historiak, bizipenak, datuak eta analisiak topatu daitezke, lastorik gabeko idazkera fin eta xehea erabilita. Liburuak hasieran Petersenen proiekzioan oinarrituriko munduko mapa eder bat dakar, Adur Larrea ilustratzaileak egina, eta aitzinsolasa Emilio Lopez Adan Beltza-k idatzi du.

«Zubiriak aberats eta boteretsuen indarkeria eta zinismoa ikertzen ditu oro har. Aldi berean, garbi erakusten digu jende xeheei dien enpatia, sufritzen dutena salatzeko edo beraiek sortutako iniziatibak gogoratzeko», dio Beltza-k. Hitz batean esanda, liburu honek ezin hobeto laburbiltzen du Argiaren kazetaritza egiteko modua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!