Lanbide Heziketaren 75. urteurrena ospatu zuten atzo instituzioek

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 28a, 00:00

Hernaniko Lanbide Heziketa ikastetxearen urteurrena ospatu zen.

Hernanin, bailaran eta eskualdean erreferente izan dela eta dela nabarmendu zuten bertaratutakoek, eta batez ere integratzailea.

Aurten 75 urte bete dira Hernaniko Lanbide Heziketako Eskola sortu zenetik, eta urtemuga ospatzeko atzo ekitaldi instituzionala izan zen. Ekitaldian izan ziren besteak beste: Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea, Axier Mingo Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria eta Txema Murguialday Gipuzkoako Ikuskaritzako Lurralde burua.

Txalapartariek, lehenengo harri gainean joz eta ondoren egur gainean, ireki zuten ospakizuna, eta ondoren ohorezko aurreskua dantzatu zuten dantzariek. Horren ostean, Unai Agirre bertsolariak, ikastetxeko ikasle ohiak, EPOn pasatako urteak gogoratu zituen hiru bertsotan, Ainitze Blanco ikastetxeko zuzendariak hitza hartu aurretik.

Hitzaldietan, EPO izenaz ezagutzen den ikastetxearen garrantzia nabarmendu zuten. Udalerrian ez ezik, eskualde osoan ere izan duen eta duen garrantziari aipamen egin zioten.

Ainitze Blancoren hitzetan, «1948an hasi zuen bere ibilbidea, Karmelo Labaka apaizak 15 ikasle eskasekin egindako lanari esker, eta horietako 3 oraindik bizi dira eta maitasun bereziz hitz egiten dute garai hartaz». Urte hauetan zehar ikastetxeak izan duen hazkundea azpimarratu du, «tailer mekaniko eskas batekin jaio baitzen». Gaur egun espezializazio ugari ditu, bai maila ertainean, bai goi mailan hezkuntza integrala eskainiz.

Lan merkatutik markatuta datozen eskakizunei erantzuteko eskolak duen garrantzia azpimarratu arren, «pertsonen prestakuntzan» jarri du arreta, eta «hori da garrantzitsuena. Ilusiorik haundienarekin egiten dugu lan horretan», bere hitzaldia lelo batekin itxiz: «Izan ginena gara eta garena izango gara».

 
«Egokitzeko gaitasun haundia izan du»

Xabier Lertxundi alkateak eskolaren hiru ezaugarri nagusi nabarmendu nahi izan zituen. Lehenik eta behin, bere formakuntza-kalitate haundia eta «Hernanin ez ezik, eskualde osoan ere lortu duen erreferentzialtasuna».

Bigarrenik, Lanbide Eskolak une historiko bakoitzeko erronketara egokitzeko izan duen gaitasuna. «Hasieran industrializazioak eragindako beharrei erantzun zien bezala, 70eko hamarkadan euskararen erronkari erantzuten jakin zuen» azaldu du. Puntu honetan, lan mundua euskalduntzeko lanbide-heziketak duen garrantzia azpimarratu du alkateak. Ildo beretik, genero berdintasunaren alde egindako lana ere gogorarazi du, «emakumeak sektore oso maskulinizatu batean sartzea sustatuz».

Azkenik, alkateak adierazi zuen «herritarren, eragileen eta erakunde publikoen arteko lankidetzaren adibide bat dela», eta Hernaniko Lanbide Heziketako Eskolaren «izaera publikoa eta komunitarioa» goraipatuz amaitu zuen bere hitzartzea: «proiektu askok egiten diote ekarpena herriari». 

Etorkizunari begira, Lertxundik gaineratu zuenez: «Erronka asko dauzkagu aurretik eta horri elkarrekin erantzuten jarraituko dugu».

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako arduradun nagusia, Jokin Bildarratz sailburua, ere izan zen Hernaniko Lanbide Heziketaren 75garren urteurren ospakizun instituzionalean. Arreta hezkuntza-komunitatean bertan jarri nahi izan zuen, «orain, hezkuntzari buruzko lege berria idazten ari garenez, funtsezkoa da guztiok batera lan egitea». Gasteizko gobernuko kideak gizarte-kohesioa eta gizartearen beharrei erantzutea bezalako terminoak erabili zituen Hernani Lanbide Heziketan egiten ari den lana baloratzeko orduan. Era berean, Bildarratzek azpimarratu zuen garrantzitsua izan dela prestakuntza estatikotzat ez hartzea, «baizik eta bizirik eta mugimenduan dagoen elementutzat».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!