Egun osoko festa borobila izango da gaur Txantxillan, auzoetako jaiei agur esateko

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 28a, 00:00

Adin guztietako auzotarrak elkartuko dira gaur goizeko ginkanan, hainbat proba osatzeko.

Atzo arratsaldean hasi ziren Txantxillako Jaiak, eta ohiko formatuarekin, gaurkoa dute egun haundia: familia-jolaserako aukera zabala goizean, girotutako sagardo dastaketa eguerdian, eta Arimen kalejira arratsaldean, ipuinek eta musikak lagunduta.

Beste urte batez, ostirala iluntzen hastearekin batera egin zuen agerraldia, Txantxilla auzoan, Arima bihurriak. Eta orduan bai, auzotar guztiak elkartuta, eman zieten hasiera Txantxillako Jaiei, modurik onenean: Maialen Lujanbioren eta Eli Pagolaren bertsoak batetik, Zuttik elektrotxarangak eta DJ Andergroundek jarritako musika bestetik, eta pintxopotea auzoko tabernetan eta txosnan, sabela betetzeko.

Baina beroketa besterik ez zen izan hori, festen egun nagusirako. Gaurkoa izango da horixe, goizetik gauera beteko baita jolasez, musikaz, jan-edanez eta ipuinez auzoa. Eta 'arimaz' ere bai, noski.

Haurren lasterketa, jolasak eta auzo-ginkana, goiza girotzeko

Haur eta familientzako ekintzaz betetakoa izango da gaurko goiza, ohitura den bezala. Hasteko, haurren lasterketa egingo dute auzoaren inguruetan, 10:30etan hasita. Korrika saioak bukatu, eta jolaserako tartea zabalduko dute, baina baita auzoan zehar probak egitekoa ere. Izan ere, auzo-ginkana prestatu dute 11:00etarako, parte hartu nahi duten guztientzat.

Adin guztietako auzotarrak elkartuko dira gaur goizeko ginkanan, hainbat proba osatzeko.
 

Eguerdian ez dute hutsik egingo sagardo dastaketak eta pintxoek, baina izango du berezitasunik, ondo baino hobeto girotuko baitute: kontzertua eskainiko du Hernasax musika taldeak, 12:00etan hasita.

Zapotxin pailazoaren ipuin kontaketa eta Arimen kalejira, arratsalderako plana

Mahaiaren bueltan elkartuko dira auzotarrak ondoren, bazkaria elkarrekin egiteko. Eta indartsu helduko diote arratsaldeari. Aurrena, Zapotxin pailazoaren bisita jasoko dute, eta ipuin kontaketa saioarekin piztuko ditu bertaratuen irribarreak eta algarak. 

Meriendarik ez da faltako, txokolatada ere egingo baitute. Eta segidan iritsiko da, eguzkia ezkutatzen hastearekin batera, eguneko momentu bereziena: adin guztietako auzotarrek, ondo mozorrotuta, Arimen kalejira egingo dute Txantxillan barrena, Hernaniko dultzaineroen laguntzarekin.

Andoni Ollokiegiren musika Txantxillara bueltan, gaua pizteko

Baina Arimen kalejira bukatzearekin batera, oraindik ez da itzaliko festetako sua: Andoni Ollokiegi musikari pasaitarrak piztuko du gaua auzoan. Iluntzeko 20:30etan hasiko du bere emanaldia, ondo ezagutzen duen plaza batean. Izan ere, ez du aurreneko aldia izango Ollokiegik Txantxillan: aurtengo maiatzean eskaini zuen kontzertua bertan, Kultur Bira egitasmoaren baitan.

Bere emanaldia bukatutako­an, orduan bai, azken trakarekin emango diete bukaera aurtengo Txantxillako Jaiei.

TXANTXILLAKO JAIETAKO EGITARAUA

GAUR, larunbata

10:30, Haurren lasterketa

11:00, Haur-jolasak

11:00, Auzo-ginkana

12:00, Sagardo dastaketa eta pintxoak

12:00, Hernasax musika taldearen kontzertua

14:30, Auzotarron bazkaria

17:00, Zapotxin pailazoaren ipuin kontaketa saioa

18:00, Txokolatada

19:00, Arimen kalejira, Hernaniko dultzaina taldekoekin

20:30, Andoni Ollokiegiren kontzertua

Ondoren, Festen amaierako traka

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!