Irabazi beharreko partidua dauka Hernanik, gaur arratsaldean Iruñean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 28a, 00:00

Oihan Dominguez joko-zabaltzailea, pase bat ematen, Uribealdearen kontra.

La Unicaren kontra jokatuko du ligako laugarrena, 16:30etan, UPNAren Arrosadiako kanpuseko zelaian.

Bikain hasi du denboraldia Hernanik, Ohorezko B Mailan, aurreneko hiru partiduak irabazita, eta horietatik bitan erasoko bonusa ere eskuratuta. 14 punturekin, dagoeneko bigarren dago sailkapenean, talde gehienek baino partidu bat gutxiago jokatu arren. Eta orain arte egindako lan onari, segida eman nahi diote gaur, Iruñean.

Irabazi beharreko partidua daukate, La Unicaren kontra, igoera fasera sailkatzeko helburuari begira. Talde nafarra ez da multzoko indartsuenetakoa, eta horren erakusle da, jokatutako lau partiduetatik hiru galdu dituztela. 16:30etan hasiko da partidua, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arrosadiako kanpuseko zelaian.

Trikoloreek funtsezkoa dute garaipena lortzea, bai gaur Iruñean eta baita datorren asteburuan Landaren ere, Bera Beraren kontra, ligako zati gogorrenari heldu aurretik. Izan ere, Hernanik segidan jokatuko ditu aurreneko fase honetako hiru partidu zailenak, azaroaren bukaeran eta abenduaren hasieran: Gernikan ariko da aurrena, Zarautz hartuko du Landaren gero, eta Uni Bilbaoren zelaian jokatuko du azkenik. Partidu horiek izango dira erabakigarriak, ziurrenik, igoera fasera sailkatzeko lehian. Edonola ere, horietara behar bezala iristeko, partiduz partidu joan beharra daukate trikoloreek, ustez apalagoak diren kontrarioekin deskuidatu gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!