Gero eta pintxo landu eta hobeagoak, Bakailu Astean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urriaren 28a

Bakailu Asteak urtero arrakasta haundia izaten du eta hamaikagarren edizioa oraindik eta arrakastatsuagoa izan da tabernarien hitzetan. Jende asko gerturatu da pintxoak dastatzera, hamar egunez. Guztien artean hiru aukeratu behar izaten dira, nahiz eta goxoak askoz ere gehiago izan. Guria izan da txapelduna jabe berriaren lehenengo partehartzean, Errioguardak ere lehenengoan bigarren saria jaso du, eta  Atxur taberna izan da hirugarrena.

Guria


Davidek duela hiru hilabete hartu zuen Guria taberna, eta lehenengoan irabazi du Bakailu Asteko pintxo lehiaketa, Taupada izeneko pintxoarekin. «Oso kontentu gaude. Jendearekin oso sentsazio onak izan ditugu. Uste genuena baino askoz ere pintxo gehiago atera genituen. Lehendabiziko astean prebisioa bete genuen, motz geratu ginen kalkulatutako pintxo kopuruarekin». 

Davidek Taupada jatetxe-taberna kudeatzen du Egian eta bertan, «artoarekin egindako talo bat daukagu legatzarekin. Hernanirako Bakailu Asterako legatzaren ordez bakailuarekin prestatu eta gorde genuen. Taupada izena jarri diogu, bertan dugun pintxo batean oinarritu delako. Fajita bat da, guk talo deitzen dioguna, bakailu zati frijitu bat du gainean, kimchi pixka bat ere bai, Karabeleko mizuna edo sarta txikiak, baratxuriaren lorea eta wasabi tobikoa». 

Jendearen erantzuna oso ona izan zen. «Bi aldiz probatu dute askok eta hori seinale oso ona da».

Davidek eskertza mezua helarazi nahi die herritarrei. «Orain arte ez dugu aukerarik izan bezeroak eskertzeko, baina Guria zabaldu dugunetik izan dugun erantzuna oso ona izan da. Eskertu nahi diogu jendeari hiru hilabetetan erakutsi diguten konfidantza».

Ildo beretik jarraitzea espero du Davidek. «Bakailu Astean oso ongi egin dugu lan, jende askok probatu ditu pintxoak, eta bide horri eutsi behar zaio».

Atxur

Atxur tabernak hirugarren postua eskuratu zuen Pistatxo bakailu pintxoarekin eta Iñigo Martinez sinetsi ezinda zegoen esan ziotenean. «Ezusteko latza izan da, ez genuen espero. Egiten dugu pintxoa ahalik eta hoberena, bezeroek gustora jan dezaten. Hori da gure helburua, baina hirugarren sailkatzea eta podiumean sartzea guretzako izan da izugarrizko ezustekoa».

Jendearen erantzuna hamar egunetan ezin hobea izan omen da eta horrek pistak eman zizkieten Atxurrekoei. «Laugarren egunerako hasi ginen entzuten 'oso goxoa dago, oso goxoa dago' eta tabernatik kanpora ere komentarioak entzun genituen Atxurreko pintxoa oso ona zegoela, baina hortik hirugarren postua lortzera bide luzea dago. Taberna potenteak daude pintxoetan espezialistak eta emaitzarekin geratu gara oso pozik, baina ezustekoarekin».

Atxurreko bakailu pintxoa oso elaboratua izan da eta hori denek nabarmendu dute. «Txerri-hankak ditu, urdai freskoa eta txorizoa du oinarrian, gero bakailu zatia zuen pistatxoarekin eta perrejila olioarekin».

Pintxoaren ideia edo pintxoa nolakoa izan behar zuen pentsatu zuena Dani Peña izan zen. «Egunero dago gurekin eta bere pentsamoldetik irten da Pistatxo pintxoa». 

Lana oso ongi egin dute Atxurren. «Aurreko urteetan baino jende gehiago ibili da gurean. Dudarik gabe, ahoz ahokoak izan du eragina. Aluzinatuta eta oso gustora gaude. Zazpigarren postu bat lortu genuen aurretik, baina hirugarren postuak espektatiba guztiak gainditu ditu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!