Auzoetako azken jaiak gaur hasiko dira Txantxillan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 27a, 00:00

19:00etan botako da txupinazoa eta jarraian, Arima Bihurriaren etorrera, Maialen Lujanbio eta Eli Pagola bertsotan, pintxo potea auzoan, Zuttik elektrotxaranga eta DJ Anderground izango dira.

Hernaniko auzoetako jaien amaiera izaten da Txantxillakoa eta azken festari gaur emango zaie hasiera txupinazoarekin, 19:00etan. Segidan, Arima Bihurriaren etorrera egingo dute auzoko haurrek. Bertsotan ariko dira bitartean, Maialen Lujanbio eta Eli Pagola. Gainera, festei hasiera emateko pintxo pote ederraz gozatzeko aukera izango dute auzotarrek, Jai Batzordearen txosnan eta tabernan. Zuttik elektrotxarangak hartuko du lekukoa jarraian, eta gaua girotzen jarraituko du DJ Andregroundek.

Egun osorako egitaraua bihar

Etzirako, berriz, egun osorako egitaraua prestatu dute Txantxillako auzotarrek, haurren, gazteen eta helduen gozamenerako. 10:30etan, haurren lasterketa izango da, eta segidan, haurren jolasak eta auzo ginkana antolatu dira. 12:00etarako, sagardo dastaketa antolatu dute, eta, pintxoak ere salgai jarriko dituzte. Dastaketa girotzeko, Hernasax musika taldeak kontzertua eskainiko du.

14:00etan izango da auzotarren bazkaria, eta arratsaldean, Zapotxin pailazoaren bisitaz gozatzeko aukera izango dute Txantxillako txikiek. Arratsaldeak aurrera egin ahala, Arimen Kalejirak girotuko du auzoa, Hernaniko dultzaina taldekoen laguntzarekin. 20:30etan, Andoni Ollokiegik hartuko du lekukoa eta kontzertu ederra eskainiko du, festa giroari jarraipena emateko. Segidan, festen amaierako traka botata, Txantxillako jaiak agurtuko dituzte auzotarrek, eta datorren urtean izango dute berriro ere festarako aitzakia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!